Hainbat egitasmo antolatu ditu Udal Liburutegiak, Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira

Uztarria.eus 2017ko api. 19a, 12:59

Iaz egin zuten irakurketa saio bereziko irudia. (Azpeitiko Udal Liburutegia)

Eskulan tailerra, literatura solasaldia, ipuin kontaketak eta Liburutegia kalera, azpeitiar idazleak plazara egitasmoa antolatu dituzte, besteak beste. Astelehenean ekingo diote prestatutako egitarauari. 

Datorren igandean, apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Eguna izango da, eta horren harira egitasmoz betetako egitarau berezia prestatu du Udal Liburutegiak hurrengo asteetarako. Hainbat jarduera prestatu dituzte haurrentzat, gaztetxoentzat zein helduentzat.

Astelehenean, hilaren 24an, eskulan tailerra egingo dute liburutegian, Haur Hezkuntzako laugarren mailako ikasleei zuzenduta, 18:00etan hasita. Asteartean, aldiz, literaturari egingo diote tartetxoa, eta Irati Jimenez idazlearen Nora ez dakizun hori eleberriaren inguruko literatura solasaldia izango da, 18:00etan. Pako Aristi izango da solasaldiaren dinamizatzailea.

Apirilaren 26an, asteazkenean, goizean zein arratsaldean egingo dituzte egitasmoak liburutegian. 11:30ean hasita, Biharko Eguneko Zentroko eta Goienetxe Fundazioko Irakurketa Errazeko taldeek irakurketa saio bereziarekin eta hamaiketakoarekin ospatuko dute Liburuaren Nazioarteko Eguna. Arratsaldean, berriz, Haur Hezkuntzako laugarren mailako haurrentzat ipuin kontaketa izango da, 18:00etatik aurrera. 

Urrestilan ere ospatuko dute Liburuaren Nazioarteko Eguna, ostegunean. Hilero bezala, liburutegi zerbitzua eskainiko dute 17:30etik 19:00era, Urrestilako balio anitzeko gelan. Bertan, liburutegiko liburuak, pelikula eta bestelako dokumentuak maileguan hartzeko aukera izango da, eta berezitasun bezala, eskulan tailerra eskainiko dute gaztetxoei zuzenduta.

Maiatzean, gehiago

Liburuaren Nazioarteko Eguna apirilaren 23an bada ere, maiatzerako ere hainbat egitasmo prestatu ditu Udal Liburutegiak. Hala, maiatzaren 3an ipuin kontaketa eskainiko dute 4 urteko haurrentzat, 18:00etan hasita. Maiatzaren 5ean, aldiz, Liburutegia kalera, azpeitiar idazleak plazara egitasmoa izango da. Egun horretan, liburutegiak azpeitiar idazleen hainbat liburu aterako ditu plazara, azpeitiar idazleak herrian ezagutaraztea xede. 

Prestatutako egitasmo ezberdinez gain, Udal Liburutegian bisita gidatuak eskainiko dituzte apirilean eta maiatzean zehar, hainbat ikastetxeetako ikasleei zuzenduta. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide