Peruko umeen aldeko elkartasun krosa egingo dute igandean Sanjuandegin

Uztarria.eus 2017ko eka. 8a, 12:36

Parte hartu nahi dutenek 11:00etatik aurrera eman beharko dute izena, Jose Antonio Agirre plazan. Lasterketaren helburu nagusia da urtero herrialde bateko errealitatea ezagutaraztea. Horrez gain, Azpeitian urte guztian zehar lanean ari diren kooperazio taldeen berri emateko ere baliatzen dute proba antolatzaileek.

Datorren igandean, ekainaren 11n, Peruko umeen aldeko elkartasun krosa egingo dute Sanjuandegin. Izen-ematea 11:00etatik egin ahalko da Jose Antonio Agirre plazan. Gainera, nahi dutenek diru ekarpena egiteko aukera izango dute. Aurreneko lasterketa 12:00etan izango da, eta 2013an jaio artekoek izango dute proba horretan parte hartzeko aukera. Horiek heldu baten laguntzarekin irten behar dute lasterketan. Ondoren, mailaz maila, 2003an jaio artekoek izango dute aukera lasterka ateratzeko. 

Sanjuandegiko krosak urte askotako historia du, baina orain dela hiru urte aldaketa nabarmena izan zuen. Urte askoren ondoren, ordura arte lasterketa antolatzeko ardura zutenek utzi egin zuten egiteko hori. Egitasmoarekin aurrera jarraitzeko asmoz, lekukoa hartu zuten Azpeitiko kooperazio taldeak, XJ Auzolaneanek eta Xeye atletismo taldeak, Azpeitiko Udalarekin elkarlanean. Lasterketari "kutsu solidarioa" ematea erabaki zuten, urtero herrialde bateko errealitatea ezagutaraztea xede. Orduztik hainbat izan dira lagundu dituzten herrialdeak. Aurreneko urtean, Nepalgo umeen aldeko lasterketa izan zen; iaz, Saharako haurrei laguntzeko eta Tindufeko errefuxiatu kanpamenduetan izandako uholdeetako ezbeharrei laguntzeko antolatu zuten lasterketa; eta, aurten, Peru hautatu dute. 

Antolatzaileek haurrak zein helduak Peruko umeen aldeko kros solidarioan parte hartzera gonbidatu dituzte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide