Atzo, ekainak 16, Azpeitiak Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako finalerdietako joaneko partidak jokatu zituen, Frontoi Txikian, eta azpeitiarrak nagusitu ziren, Ataun 2 eta 1 mendean hartuta. Datorren ostiralean, ekainaren 23an, Ataunen jokatuko dituzte itzulerako norgehiagokak Ilunpeko pilotariek.
Bart gauean, tximistarik eta trumoirik izan ez bazen ere, lehen neurketan, kadeteen mailan Azpeitia 7-20 galtzen zihoala, argia joan zen Frontoi Txikian, eta Unai Alberdik eta Mikel Unanuek 7-22 galdu zuten. Gorka Iriarte eta Jon Alberdi, berriz, 22-1 nagusitu ziren jubeniletan. Eta senior mailan ere Markel Etxanizek eta Daniel Murgiondok 22-16 irabazi zuten.
Ilunpe Elkarteko Xabier Aldalurrek adierazi duenez, Frontoi Txiki "leporaino" bete zen, eta "giro ederra" izan zen frontoian. "Ataundik jendetza etorri da, eta azken partida maila handikoa izan da. Etxaniz eta Murgiondo azpeitiar pilotariek Iraitz Zubizarreta eta Ibai Arratibel ataundarren aurka neurtu zituzten indarrak, eta lehia oso estua izan zen".
(Argazkiak: Xabier Aldalur)