Xuban Peña Eibarko nesken lehenengo taldeko entrenatzailea izango da

Uztarria.eus 2017ko eka. 28a, 14:45

Josu Larrañaga, Ion Zabaleta, Xuban Peña eta Aiheko Uria. (Argazkia: SD Eibar).

Peña ez da talde armaginera joango den azpeitiar bakarra. Haren talde berean ariko da Josu Larrañaga, prestatzaile fisiko lanetan. Bestalde, Unai Urbizuk kadete mailako nesken taldea entrenatuko du, Beñat Urangak jubeniletako ohorezko mailan jokatuko du, eta Andoitz Amenabar, berriz, kadeteetako ohorezko mailan arituko da.

Xuban Peña (Azpeitia, 1988) Eibarreko nesken lehenengo taldeko entrenatzailea izango da 2017-2018 denboraldian. Peñaren taldeak bigarren mailan jokatuko du, eta azpeitiarrak Aiheko Uria hernaniarra izango du alboan, bigarren entrenatzaile gisa. Josu Larrañaga prestatzaile fisiko lanetan arituko da Eibarko nesken talde teknikoan.

Peñaren taldeak abuztuaren 1ean ekingo dio denboraldi-aurreari, eta datozen egunetan jakinaraziko dituzte taldea osatzeko falta diren jokalarien izenak. 

Eibar Futbol Taldearen deia "sorpresa handia" izan zela adierazi du Peñak, eta ez zuela "batere" espero. Horrez gain, "aldaketa handia" dela azpimarratu du azpeitiarrak: "Eibarrera igarotzeak aldaketa suposatzen du, Lagun Onaketik Eibarrera saltoa baitago. Gainera, orain arte mutilen munduan aritu naiz futbolean, eta nesken talde batera pasatzea beste aldaketa bat da". Hala ere, "erronka polit honi aurre egiteko gogoarekin eta lanerako grinarekin" dagoela aurreratu du Eibarko entrenatzaile berriak. 

Lagun Onak Futbol Taldeko jubenil mailako mutilen entrenatzailea izan da Xuban Peña azken lau urteetan. Aurreneko urtean, Lagun Onak Euskal Mailatik Nazional Mailara igarotzea lortu zuen entrenatzaile azpeitiarrak, eta Azpeitiko kluba bertan mantendu da hiru urtez. 

Azpeitiarrak Eibarrera

Azpeitiar gehiago ere izango dira datorren denboraldian Eibarko klubaren taldeetan. Unai Urbizuk kadete mailako nesken taldea entrenatuko du, Beñat Urangak jubeniletako ohorezko mailan jokatuko du, eta Andoitz Amenabarrek, berriz, kadeteetako ohorezko mailan arituko da. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide