Hamar urte beteko ditu aurten Marea Arroxak antolatutako Bakailao Txapelketak. Horren harira, eta "bazkalostea gehiago girotzeko", berrikuntzak gehitu dizkio jai herrikoien batzordeak abuztuaren 1eko egitarauari.
Atzo, astelehena, azaldu zituzten aurtengo edizioaren xehetasunak Marea Arroxako kideek, Zelai Luze soziedadean. Iaz, elkarte horretako kideek eraman zuten txapelketaren goilare erraldoia, eta festa batzordeak urtero egiten duen moduan, soziedade irabazlearen elkartean egin zuen agerraldia. Bertan, datorren abuztuaren 1ean txapelketak hamar urte beteko dituela gogoratu zuten Haujijijai batzordeko kideek: "Duela hamar urte egin zen lehen aldiz bakailao txapelketa, adin ezberdinetako herritarrengana iristeko nahia zegoelako. Horrez gain, instituzioei egiten zaien harreraren garaian herritarrei festaz gozatzen jarraitzeko eta jaietan parte-hartzeko aukera bat eskaini nahi zitzaien".
Azken urteetan txapelketak izan duen parte hartzea eta harrera "oso ona" izan dela ikusita, aurten ere hala izatea nahi dute Marea Arroxako kideek. Horregatik, herritar oro gonbidatu dute txapelketan parte hartzera eta "pil-pilean jartzera". Era berean, iaz parte-hartzeak behera egin zuela gogoratu dute, eta aurten hori gerta ez dadin beren ahalegin guztia jartzeko prest agertu dira Marea Arroxako kideak.
Bestalde, bakailao txapelketaren ostean Azoka Plazan egiten den bazkariari "freskotasun eta bizi pixka bat emateko", aurten hainbat berrikuntza gehitu dizkiote. Bertan lehiaketan prestatutako bakailaoa dastatzeko aukera izaten dute bertaratzen direnek. Horrez gain, bazkarian sartzen dira Azpeitian bertan jasotako barazkiekin egindako entsalada, postrea (gazta eta irasagarra) eta edaria. Otorduak 20 euroko prezioa izango du langileentzat, eta langabe eta ikasleek, berriz, 15 euro ordaindu beharko dituzte.
Bazkalostean bertso saioa izango da aurtengoan, trikitilariek girotuta. Jon Gurrutxaga, Maialen Akizu, Aitor Salegi eta Maider Arregi ariko dira kantuan. 19:00etan Emakumeok Plazara egitasmoak hartuko dio lekukoa bazkariari. Marea Arroxak aurreratu du aurtengoan hainbat emakume musikarik hartuko dutela plaza abuztuaren 1ean.
Txartelak salgai, izen-ematea zabalik
Bakailao txapelketaren osteko bazkarirako sarrerak aurrez jarriko dituzte salgai aurtengoan, "antolakuntza lanak errazteko". Izan ere, bazkarira hurbildu nahi dutenei "ahalik eta harrera onena" egin nahi diete. Hala, honako taberna hauetan egongo dira sarrerak salgai ostegunetik, hilaren 13tik, aurrera: Pastorkua, Jim Clark, Orkatz eta Sanagustin.
Txapelketan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago jada, eta uztailaren 28ra arte eman daiteke izena, norbanako bezala edota elkarte gisa. Horretarako, 943-15 70 68 edo 688-89 37 32 telefono zenbakietara deitu behar da. Izen-ematea doakoa da, baina parte hartzea mugatua izango da, eta 40 taldek hartuko dute parte gehienez. Marea Arroxak azpimarratu du "sukaldari profesionalek ez beste edonork" har dezaketela parte txapelketan.
Txapelketaren nondik norakoak
Bakailao Txapelketa 11:00etan hasiko da, baina parte-hartzaileek 10:45erako plazan egon beharko dute. Festa batzordeak bakailaoa, baratxuria eta olioa emango dizkie parte hartzaile guztiei, baina norbanako, talde edo elkarteek beste osagairen bat erabili nahiko balute, eurek eraman beharko dutela azaldu dute Marea Arroxako kideek. Suak eta mahaiak bertan egongo dira eta ontzi eta gainerako material guztia parte-hartzaile bakoitzak eraman beharko du.
Talde bakoitza bi minutuko tartearekin hasiko da bakailaoa prestatzen eta 40 minutu izango dituzte kilo bakailao pi-pil eran prestatzeko. Behin bukatutakoan, saukaldari profesionalek, herritarrek eta gonbidatu bereziek osatutako epaimahaiak erabakiko du zein izango den X. Bakailao Txapelketako platerik onena. Epaimahaia nork osatuko duen datozen asteetan jakinaraziko du Marea Arroxak. Hala ere, "aurkezpena, saltsa eta zaporea" baloratuko dituztela aurreratu dute festa herrikoien aldeko batzordeko kideek.
Lehen sailkatuak txapela eskuratuko du eta baita Kiruri jatetxean lau lagunentzako otordua ere. Bigarren sailkatuak, kriantza ardo botila bat eta bi txuleta eramango ditu eta hirugarren sailkatuak, berriz, bi lagunentzako otordua jasoko du Larrañaga jatetxean. Elkarte irabazleak, aldiz, Bakailao Txapelketako goilare erraldoia eskuratuko du.