Beldur Barik lehiaketaren sustatzaileek bideogintza tailerra eskainiko dute Azpeitian. Oraindik ez dute ikastaroaren data zehaztu, baina interesatuek irailaren 29a bitartean eman dezakete saiorako izena beldurbarikazpeitia@gmail.com helbidera idatzita. Mezuan taldearen izena, taldekideen izen-abizenak eta horien jaiotze datak, horien ikastetxearen izena eta maila, herria eta e-posta helbide bat zehaztu beharko dituzte izena eman nahi dutenek.
Antolatzaileek adierazi dutenez, lau orduko bideogintza tailerra Gaztelekuan izango da. Saioaren helburua da Beldur Barik lehiaketarako bideoak egiten eta muntatzen ikastea, antolatzaileen arabera, "Beldur Barik Jarrera irudien eta soinuaren bitartez zabaltzeko".
Dagoeneko martxan da Beldur Barik bideo lehiaketaren zortzigarren edizioa. Lehiaketa Emakundek antolatzen du, eta haren helburua da gazteen artean indarkeria sexista saihestea. 12 eta 26 urte arteko gazteek har dezakete parte lehiaketan, bakarka edo taldean. Honako lotura honetan irakur daitezke lehiaketaren nondik norako guztiak.