Gernikako arbola landatuz irudikatu dute Azpeitia eta Hazparneren senidetzaren 30. urteurrena

Uztarria.eus 2017ko ira. 24a, 01:26

30 urte bete dira aurten Azpeitia eta Hazparne senidetu zirela, eta hori ospatzeko, egun osoko jaia egin dute gaur, Lapurdiko herrian. Goizean goiz, 80 lagun inguru joan dira Azpeititik autobusez; besteak beste, udal ordezkariak, Udal Musika Bandako kideak, Kantujira taldekoak nahiz herritarrak. 10:00ak aldera iritsi dira Hazparnera, eta bertan ongietorria egin diete hazpandarrek, Agur jaunak abestuz.

Segidan, bi herrien senidetza irudikatzeko, Azpeitiko Gernikako arbolaren kimu bat landatu dute Hazparneko belardi batean Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak, Beñat Intxauspe Hazparneko alkateak eta Daniel Camblong parezkatzearen gidari izan zenak. Etxeberriaren arabera, "sinbolismo handiko" elementuak dira zuhaitzak: "Zuhaitzek erakusten digute landatzean ez direla berehala hazten; horregatik, etorkizunari begira landatu behar dira. Norberak ez du ikusten zuhaitzaren bukaera, baina etorkizunean ikusten da zuhaitzaren fruitua. Kasu honetan, zuhaitzak ematen digu euskara eta ematen digu aukera hemen gu guztiok euskaraz jarduteko, eta hori oso fruitu garrantzitsua da guretzat". Intxauspek ere etorkizunari begira hitz egin du: "Berak ikusiko gaitu handitzen eta zahartzen, indartzen eta zabaltzen. Izan dadila haritz gazte hau gure harreman eta lotura baikorren bezain iraunkorren lekuko, oraingo eta betiko".

Horren ostean, udaletxera joan dira bandaren musika doinuez lagunduta, eta bertan, duela 30 urte Azpeitiak eta Hazparnek sinatutako hitzarmena irakurri dute bi udalerrietako alkateek. Ekitaldi hori amaitu ostean, zintzur bustitzea izan da eliza plazaren aurrean.

Azpeitiko argazkiak Hazparnen

Azpeitiko Argazki Elkarteak urteetan zehar festetan hartutako irudiekin osatutako erakusketa ikusgai da Hazparneko Pierre Espil Mediatekan, eta hainbat azpeitiar zein hazpandar joan dira hura bisitatzera. Bi herrietako artisten eta kultur eragileen elkartrukea sustatzea da erakusketaren helburua.

Egunari amaiera borobila emateko, bazkaria egin dute herriko frontoian. Jaten hasi aurretik, ordea, 30 urteotan senidetzaren alde lan egin duten alkateak zein zinegotziak omendu zituzten: besteak beste, Jose Maria Bastida, Julian Eizmendi, Iñaki Errazkin eta Eneko Etxeberria. Guztira, 250 lagun inguru elkartu dira bazkarian, eta musika eta kantu artean, giro polita nagusitu da. Dantzara ere animatu dira zenbait, eta nahikoa mugitu eta abestu ostean, etxerako bidea hartu dute azpeitiarrek. 19:30 aldera iritsi da bueltan autobusa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide