Durangoko Azokaren barruan egiten den Ahotsenea 10. urteurrena ari da ospatzen herriz herri. Gaur Azpeitian egingo dute geldialdia Gorka Urbizuk eta Gotzon Barandiaranek (Larrabetzu, Bizkaia, 1974), eta Azpeitia DA! emanaldia eskainiko dute.
Gorka Urbizu eta Gotzon Barandiaran batera oholtzan. Katamaloz oroituko da bat baino gehiago…
Gure izenak elkarrekin Katamalo proiektuarekin plazaratu ziren lehen aldiz. Azaro honetan dira 10 urte Katamalo liburua argitaratu nuela, eta musika talde bilakatu zen proiektu haren hazia liburu horretan dago. Gorkak Katamaloren eta Berri Txarraken ibilbideko kanta batzuk joko ditu gaurko saioan, eta disko berriko bateren bat ere bai. Nik testu berriak sortu ditut emanaldirako.
Katamalo desegin eta gero, hainbat emanaldi eskaini duzue. Itzultzerik pentsatu duzue sekula?
Katamalo berriz taularatzeari ez diogu sekula aterik itxi. Gertatzen dena da hamar taldekide garela eta bakoitzak beste hainbat proiektu duela esku artean. Oso-oso oroitzapen onekin utzi genuen taldea, eta, gaur egun, oraindik, gauza harrigarriak gertatzen zaizkigu. Hainbeste denbora pasatu izanagatik –sei urte dira azken emanaldia egin genuela–, jende asko gerturatu zaigu noiz itzuliko garen galdezka. Gainera, Spotifyn hilero 7.500 entzunalditik gora izaten ditu disko hark; hori harrigarria da Euskal Herrian proposamen interesgarria duten hainbeste talde egonda. Oraindik, jende asko gogoratzen da Katamalorekin, etaguretzat akuilu bat da hori; izan ere, inoiz ezer berria egiteko gogorik baldin badugu, igual, egongo da entzungo gaituen norbait.
Irakurri elkarrizketa osoa Urola Kosta Hitzaren webgunean.