Azpeitiko eta Azkoitiko udaletako eta Basarte industrialdeko ordezkariek Gipuzkoako Foru Aldundiko kideekin bilera egin zuten joan zen ostiralean. Bi udaletako ordezkariek Munategin sortzen diren trafiko arazoei konponbidea ematea eskatu zieten aldundiko kideei. Aitor Bereziartua Azpeitiko Udaleko zinegotziak azaldu duenez, eskaera hori "historikoa" da; izan ere, haren arabera, Azpeitiko Udalak gair horren inguruko eskaera ugari egin dio aldundiari. "Inguruko bizilagunei sortzen zaizkien arazoez gain, industrialdeko enpresek ere eskaera ugari egin izan dituzte". Bereziartuak dio "trafiko arazo ugari" sortzen dela gune horretan, eta haren aburuz, arazoari irtenbidea emateko erabaki logikoena "biribilgunea egitea" litzateke. "Trafiko handiko gunea da, Azpeitia eta Azkoitia lotzen dituen errepide nagusia, eta bada garaia Foru Aldundiak ere behin betiko soluzio bilatzeko bi herrien arteko trafikoaren arazoari".
Azkoitiko zinegotzi Miguel Angel Bastidak adierazi du Munategiko bidegurutzea "puntu beltza" dela, eta hark ordu jakinetan "ilarak saihestea eta segurtasuna bermatzea" eskatu du. Bastidaren esanetan, Basarte industrialdean 350 langilek egiten dute lan, eta, gainera, gasolindegi bat ere badela han gogorarazi du. "Horrek esan nahi du egunean 600 bat ibilgailu mugitzen direla, eta lantegietako sarrera-irteera orduetan kotxe ilara handiak sortzen dira".