Iñaki Errazkin Azpeitiko alkate ohi eta Ingurumen diputatu ohiari babesa adierazi dio Azpeitiko Udalak, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) haren eta Ainhoa Intxaurrandieta kontsortzioko lehendakari ohiaren kontra jarritako auzia dela eta. Aurreko agintaldian Zubietako errauste planta eraikitzeko kontratua eteteak sortutako "kalte ekonomikoak" ordainarazi nahi dizkie GHK-k Errazkini eta Intxaurrandietari.
"Gehiengo demokratikoan oinarrituta erabaki politikoak hartu izanagatik epaitegira eramateak ez du inolako zentzurik. Erabaki politikoekin ados egon gaitezke edo ez, baina politikaren judizializazioak kaltea besterik ez dakar", dio, besteak beste, atzo udalbatzarrean onartu zuten adierazpenak. EH Bilduk aurkeztutako testua Udal Gobernuko kideen aldeko botoekin onartu zuten. EAJkoek, aldiz, kontrako botoa eman zuten; egoera "pertsonalki tristea" iruditzen zaiola esan zuen Aitor Gorrotxategi bozeramaileak, baina "agian justua ez" izan arren, "erantzukizun politikoak eskatzeko erabiltzen den bidea" dela gaineratu zuen.
Hau da atzo onartu zuten adierazpena, osorik:
"Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak urriaren 16an iragarri zuen Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohiaren eta Ainhoa Intxaurrandieta kontsortzioko aurreko lehendakariaren aurka joko duela. Egoera horren aurrean ondokoa adierazi nahi du Azpeitiko Udalak:
- Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak hartutako erabakiaren aurrean gure desadostasuna adierazi nahi dugu. Errazkin eta Intxaurrandieta auzitara eramateko erabakiak aurrekaririk gabeko egoera baten aurrean jarri gaitu.
- Gehiengo demokratikoan oinarrituta erabaki politikoak hartu izanagatik epaitegira eramateak ez du inolako zentzurik. Erabaki politikoekin ados egon gaitezke edo ez, baina politikaren judizializazioak kaltea besterik ez dakar.
- Auzi honetan ez dago inongo diru lapurretarik edo ustelkeria kasurik. Hala ere, ondorio pertsonal larriak eragin ditzake.
- Bereziki, Azpeitiko alkate ohi eta Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu ohi Iñaki Errazkini babes osoa eskaini nahi diogu eta behar dituen baliabideak eskaintzeko prestutasuna adierazi nahi dugu. Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko aurreko lehendakariari ere elkartasuna adierazi nahi diogu.