Sansebastianak 2018

Danbor hotsek hartu dute Azpeitia

Uztarria.eus 2018ko urt. 20a, 01:59

Herriko plaza bete dute danborradako taldeek

Helduen danborradarekin lehertu dira sansebastianak. 27 konpainiak parte hartu dute danborradan, eta festa giroa da nagusi herrian.

San Sebastian bezperan, danbor hotsez bete dira Azpeitiko kaleak. Euriak atseden eman dio helduen danborradari, eta festa giroa jaun eta jabe da herrian. 27 taldek hartu dute parte danborradan, eta, kalez kale ibili ostean, gauerdian, plazan elkartu dira konpainia guztiak. Lehenengo aldiz, Oihana Ladianoren bertsoa entzun ahal izan da plazan, kanpaiek 12ak eman aurretik, eta, behin gauerdia iritsita, San Sebastian martxa jo dute danbor-jotzaile guztiek, udaletxeko balkoian herriko bandera igotzen zuten bitartean. Aurten, Arrantzale taldeak mende erdia bete duela eta, udalaren oroigarria jaso du konpainiak.

Bihar jarraituko dute sansebastianek Azpeitian. Honako egitaraua izango dute herritarrek:

Urtarrilak 20, zapatua. San Sebastian eguna

  • 09:00. Txistularien eta musika eskolaren goiz eresia.
  • 09:30. Ardozaleak eta Gure Ametsa danborradako taldeek, Udal Musika Bandarekin eta musika eskolako txilibitu joleekin batera, kalejira egingo dute.
  • 10:15. Udal ordezkariak korporazioan joango dira Soreasuko Sebastian Donearen parrokiara.
  • 10:30. Prozesioa.
  • 10:45. Meza. Parrokiako eta Julian Barrenetxea abesbatzek Jose Maria Altunaren Olazko Amari meza kantatuko dute.
  • 12:00. Sokamuturra. Ganadutegia: Arno.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide