Mende laurdena ospatzeko prest da Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia

Uztarria.eus 2018ko mar. 13a, 20:09

Antolatzaileak, erakundeetako ordezkariak eta babesleak gaur, aurkezpenean.

Hilaren 24an 25. aldia beteko du Diego Garciaren omenezko lasterketak; proba motza ere egingo dute, seigarren aldiz. "Edizio berezia" izango dela aurreratu dute antolatzaileek; parte-hartzaile kopurua azken urteetako handiena izango da, baita eliteko lasterkariena ere. Egitarau betea prestatu dute lasterketaren aurreko egunetarako zein egunerako, eta biharamonean egingo duten bazkari herrikoiarekin borobilduko dute mende laurdenaren ospakizuna.

XXV. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia eta VI. lasterketa motza gaur aurkeztu dituzte, udaletxeko ganbaran. Hilaren 24an, larunbata, izango dira lasterketak; 16:15ean hasiko da lasterketa motza eta 16:30ean maratoi erdia, biak Azkoitian, eta helmuga Azpeitiko Loiolako Inazioren etorbidean egongo da, urtero legez.

Diego Garcia zenaren omenezko probaren antolatzaileek "edizio berezia" izango denaren gaineko hainbat xehetasun aletu dute aurkezpenean, erakundeen eta babesle pribatuen ordezkariz inguratuta. Han izan dira, besteak beste, Eneko Etxeberria eta Javier Zubizarreta Azpeitiko eta Azkoitiko alkateak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kirol sailaren Ariketa Fisikoa eta Osasuna ataleko dinamizatzaile Iñaki Iturrioz; Carmen Garcia, Diego zenaren arreba, izan da hutsik egin ez duen bestea.

Agustin Jimenezek hitz egin du antolatzaileen izenean. Azkoitia-Azpeitiaren antolakuntza taldea "hamahiru boluntariok eta kirol talde batek" osatzen dutela gogoratu du. Horregatik, erakunde publikoen eta enpresen babesa "ezinbestekoa" dutela gogoratu du "probak aurrera egiten jarraitzeko"; eta neurri berean goraipatu du antolatzaileen taldeari lasterketaren egunean batzen zaizkion bi herrietako "ehundaka" boluntarioen lana.

Parte-hartzea, gora

Bi lasterketetarako izen emateak martxan daude oraindik, Interneten kirolprobak.com atarian, eta Azkoitiko Plaza Berri Sport, Azpeitiko Fullgas eta Euskadi Sport, eta Donostiako Robers dendetan ere bai. Hilaren 22an itxiko dira berez izen emateak, baina baliteke "aurten lehenago" ixtea epea. Izan ere, izen ematea "oso ondo dihoa", Jimenezen hitzetan, eta baliteke mila parte-hartzaileren gehienezko mugara iristea.

Gaur goizean 825 lagun zeuden izena emanda maratoi erdian. Horietatik, 383 gipuzkoarrak dira; eta 683 gizonezkoak, eta 116 emakumezkoak. Lasterketa motzean, berriz, 135 ziren goizean izena emana zutenak, 72 gizonezkok eta 63 emakumezkok; denetara, 91 gipuzkoar. Lasterketa motzean, beraz, askoz parekatuago daude gizonen eta emakumeen kopuruak, baina maratoi erdian ere "emakumeek gora" egin dutela nabarmendu du Jimenezek. Azkoitia-Azpeitia "eliteko lasterketa bat bezala" identifikatzen du jende askok, Jimenezen esanetan, "baina lasterketa herrikoia ere" badela azpimarratu nahi izan du, beste behin, antolakuntza taldeko kideak. "Azkoitia-Azpeitia bukatu daiteke bi ordutan, eta bi ordu eta erditan ere bai, hori da gure denbora muga. Korrika ondo egitea ez da azkar egitea, bakoitzak bere mailan egitea baizik".

25. edizioa izateak izan du eragina parte-hartzearen gorakadan. Antolatzaileek ahalegin berezia egin dute mende laurdena ospatzeko; aurrekontua ere aurreko urteetakoa baino handiagoa du probak. Korrikalari herrikoiak erakartzearen urteroko erronka berrindartua fruituak ematen ari da, eta eliteko atleten arloan ere "esfortzu berezia" egin dute. Goi mailako hamabi gizonezkok eta zazpi emakumek osatuko dute elitekoen zerrenda, eta tartean daude Azkoitia-Azpeitia inoiz irabazitako batzuk: Emmanuel Bett, Mark Kiptoo eta Joseph Kiprono Kiptum keniarrak, eta Zulema Fuentes Pila espainiarra. Horiekin lehian ariko dira Samuel Kiplimo Kosgei (Kenia), James Rungaru (Kenia), Nathan Ayeko (Uganda), Stephen Omito Arita (Kenia), Kiprono Menjo (Kenia), Stephen Muendo Mwendewa (Kenia), Ronald Kirui (Kenia), Merhawi Tsegay (Eritrea) eta Erick Kiplangat (Kenia) gizonezkoetan, eta Leonida Jemwetich Mosop (Kenia), Mercy Kepchumba (Kenia) Hawi Megersa (Etiopia) eta Azucena Diaz Calvo (Espainia) emakumezkoetan.

Gipuzkoako eta Euskadiko maratoi erdiko txapelketak ere jokoan izango dira aurten Azpeitia-Azkoitia lasterketan.

Zerbitzuak eta osagarriak

Zerbitzu eskaintza zabala jarriko dute aurten ere antolatzaileek, bereziki lasterkari herrikoiei zuzenduta. Garraioari dagokionez, Donostiatik, Bilbotik eta Gasteiztik joan-etorria egiteko autobusak egongo dira, eta Azpeititik Azkoitiko irteerara joateko autobusak ere bai, Ikasberriko biribilgunetik abiatuta; 14:45ean aterako da aurrena, eta 16:00etan azkena. Irteeran WC-bus bat ere jarriko dute aurten, berrikuntza gisara.

Dortsalak, opari jasoko dituzten kamisetarekin eta poltsarekin batera, lasterketa egunean jaso beharko dituzte korrikalariek Azkoitian, 12:00etatik 16:00etara, Julio Urkijo kalean; dendetan izena ematen dutenek dendan bertan jaso dezakete, hala adieraziz gero. Aurten, gainera, maratoi erdia amaitzen duten guztiek domina berezia jasoko dute, Diego Garciaren irudiarekin.

Dutxak eta aldagela zerbitzua, berriz, Azpeitiko igerilekuan izango dituzte; masaje zerbitzua ere izango dute nahi dutenek, helmugan. 3 eta 10 urte arteko umeentzako ludoteka zerbitzua ere emango dute, Sanjuandegiko Txiki Txoko ludotekan, 15:00etatik 19:00etara.

Lasterketaren garaian izango da berrikuntzetako bat. Euskadi Gaztearekin elkarlanean, bi animazio gune jarriko dituzte: Azkoitiko Plaza Berrikoa Oihan Vegak gidatuko du, eta Azpeitiko plazakoa Txurruk.

Bazkaria, erakusketak, hitzaldiak, musika...

Aurreko urteetan bezala, maratoi erdiaren bueltan beste hainbat ekitaldi ere prestatu dituzte antolatzaileek. Erakusketak, hitzaldiak, kontzertua... izango dira aurten ere. Baina bada 25. urteurreneko ospakizuna borobilduko duen hitzordu berezi bat: lasterketaren biharamonean, hilaren 25ean, Loiola Hotelean egingo duten bazkaria. "25 urteotan gurekin ibili diren guztiei egiten diego gonbidapena", esan du Jimenezek.

Hau da lasterketan inguruan prestatu dituzten beste jardueren zerrenda:

Etzi, osteguna

Nutrizioari eta hidratazioari buruzko hitzaldia, Elikasporten eskutik. Azkoitiko Elkargunean, 19:00etan.

Martxoak 20, asteartea

Argazki erakusketa irekiko dute Sanagustin kulturgunean, Azpeitiko Argazki Elkarteko kideek eta Felix Sanchezek lasterketaren aurreko edizioetan ateratako irudiekin. Azkoitian ere egitekoak dira argazki erakusketa, baina zehazteke dituzte hango tokia eta datak.

Martxoak 22, osteguna

Diego ezagutzen emanaldia eta solasaldia atletekin. Azkoitiko Elkargunean, 11:00etan, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleentzat.

Martxoak 23, ostirala

Diego ezagutzen emanaldia eta solasaldia atletekin. Sanagustin kulturgunean, 11:00etan, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleentzat.

Martxoak 24, zapatua

La M.O.D.A. taldearen kontzertua, Sanagustin kulturgunean, 23:00etan, Kulturaz kooperatibarekin elkarlanean.

Martxoak 25, igandea

Ospakizun bazkaria Loiola Hotelean, 14:30ean. Bazkarirako txartelak salgai jarriko dituzte Azkoitiko Plaza Berri Sport dendan eta Azpeitiko Juantxo Txiki eta Eguzkitza tabernetan, 35 euroren truke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide