Azpeitiko plaza bete du EH Bilduk Errazkin eta Intxaurrandieta babesteko

Uztarria.eus 2018ko api. 15a, 17:16

Ekitaldi politiko jendetsua egin du gaur eguerdian EH Bilduk Azpeitiko plazan. Bizitza erdian leloarekin, aurreko agintaldian errauste plantaren proiektua gelditzeagatik aste honetan epaitu dituzten Iñaki Errazkin azpeitiar Ingurumen diputatu ohiari eta Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ren buru ohiari babesa eta elkartasuna adierazteko dozenaka lagunek bete dute plaza.

Tartean ziren EH Bilduren hainbat ordezkari eta kide, aurreko agintaldian Gipuzkoako Fotu Aldundian epaituekin ardurak elkarnabatu zituztenetako asko horien artean. Besteak beste, Arnaldo Otegi, Maddalen Iriarte, Marian Beitialarrangoitia, Arkaitz Rodriguez, Pello Urizar, Miren Larrion, Oihana Etxebarrieta, Larraitz Ugarte, Ikerne Badiola, Helena Franco, Juan Karlos Izagirre eta Ander Rodriguez izan dira Azpeitiko ekitaldian, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatearekin eta beste hainbatekin batera; eta, nola ez, han izan dira Errazkin eta Intxaurrandieta ere.

Epaituek ez dute hitzik hartu, baina bai Beitialarrangoitiak eta Iriartek. "Ez digute barkatzen erabakiak hartzea. Gauzak beste era batera egiten ausartzea ez digute barkatzen", esan du EH Bilduren Espainiako Kongresuan parlamentari denak. "Iñaki [Errazkin] eta Ainhoa [Intxaurrandieta] ez dira epaituak izan erabaki oker bat hartzeagatik, alderantziz; denborak erakutsi du zuzen jokatu zutela, zuzen jokatu genuela, errauste planta gaindimentsionatua zegoela. Horregatik ari dira gaur egun txikiago bat eraikitzen, ez beste ezergatik". Errazkin eta Intxaurrandieta Madrilgo Kontu Auzitegian epaitzearen arrazoia EAJren eta PSE-EEren "bultzada politikoa" dela esan du Beitialarrangoitiak, "batzuk tematuta daudelako gauzak aldaezinak direla erakusten".

Iriartek, bere aldetik, "justizia ozen aldarrikatzen" ekin dio hizketaldiari, Altsasuko gazteen auzia eta atzo Iruñean hura salatzeko egindako manifestazioa gogora ekarriz, eta Errazkini eta Intxaurrandietari "bereziki" eskerrak emanez, "egindako bideagatik, erakutsitako duintasunagatik, herriari agindutakoa betetzeagatik, bidea erakusteagatik eta bidea egiteagatik". Bi auzipetuak, beste hainbat koaliziokiderekin batera, atzean zituen EH Bilduren legebiltzarkideak; agertokira igo direnean zutik eta txalo artean hartu dituzte plazan elkartutakoek, eta txalo zaparrada errepikatu egin da Iriarteren hitzen ostean. "Politika egiteko eskubidea kendu nahi digute, ulertu dugu. Baina berri txarrak eman nahi dizkiegu: urtebete baino ez da falta EH Bildu berriz ere Gipuzkoako Diputazioan egoteko, politika beste modu batera egiteko, pertsonen duintasuna zainduz", esan du Iriartek. Espainiako agintarien jarrerak eta 155 artikulua ere gogora ekarri ditu, EAJri mezua bidaltzeko: "Ez du balio 155a altxatzea eta Europako alderdirik zikin eta ustelenarekin adostasunak egitea. Ez dauka inork argi berderik hori egin ahal izateko". Egungo egoeran, "akordio zabalak" lortzeko bideari ekitea proposatu du. "Orain geratzea atzera egitea da. Dagoenari eustea ez da aukera bat. Herri honetan eta bere geroan sinesten duten guztiei bide hau elkarrekin egiteko deia egiten diegu", adierazi du Iriartek.

Bi politikarien hitzartzeen aurretik eta tartean musikak eta poesiak ere izan dute tartea, azpeitiarren eskutik. Felipe Murillok Mixel Ducauren Lurra eta Katamaloren Iruntzi dana kantatu ditu; eta pianoarekin lagundu du Jose Luis Otamendik irakurri duen testua. "Denok ez gara Iñaki eta Ainhoa, baina gaur, bistan da, denonak dira Iñaki eta Ainhoa" zioen, besteak beste, Otamendiren lanak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide