Urritz Iruretagoienak eta Ekaitz Agirrek eraman dute etxera Sare Eguneko paella txapelketako koilara. Izan ere, epaimahaiaren arabera, Iruretagoienak eta Agirrek prestatutakoa izan da 17 paellen artetik goxoena. Iaz bezala, epaimahaiarentzat ez da erraza izan erabakia hartzea, hasiera batean berdinketa egon baita bi paellaren artean.
13:00etan hasi da lehiaketa, eta Azpeitiko plazan aritu dira 17 bikoteak sukaldari lanetan. Behin lanak amaitutakoan, guztiak Azoka Plazan elkartu dira prestatutako paellak jateko, eta 17:15 inguruan egin dute sari banaketa. Giro ederra nagusitu da Azoka Plazan egindako bazkarian. Behin sabelak beteta, umeentzako jolasak izan dira plazan.
Elkartasun krosarekin hasi da Azpeitiko Sarek antolatutako Sare Eguna, eta arratsaldean, beste hainbat jarduera izango dira. Hona hemen egitaraua:
18:00etan: Manifestazioa, plazatik. Amaieran, polka erraldoia eta Erokomeri taldearen erromeria.
22:30ean: kontzertuak, plazan: Erokomeri eta Hesian.
Egun guztian zehar txosna egongo da herriko plazan.