Mendizaletasuna, bizitzaren irakasgai

Uztarria.eus 2018ko urr. 4a, 20:05

Jose Mari Azpiazuk 'La vida en el límite de la vida' ('Bizitza bizitzaren mugan') liburua idatzi du Sebastian Alvaro idazle eta goimendizalearekin batera. Astelehenean aurkeztuko dute lana, Madrilen, eta abenduaren 13ran Azpeitian egingo dute ekitaldia.

Jose Mari Azpiazuk (Azpeitia, 1953) mendiari lotutako seigarren liburua argitaratu du, eta oraingoan, Sebastian Alvaro izan du bidelagun. Izan ere, azpeitiarrak kazetari, goimendizale eta idazle madrildarrarekin batera idatzi du La vida en el límite de la vida (Bizitza bizitzaren mugan) liburua, eta astelehenean, urriaren 8an, aurkeztuko du lana, Espainiako hiriburuan.

Mendigoizaleen testigantzak ardatz hartuta, pertsonek egunerokotasunean izan ditzaketen arazoei aurre egiten laguntzeko asmoz idatzi dute La vida en el límite de la vida, baina azpeitiarrak argitu du sortu dutena ez dela autolaguntza liburua. "Ez dugu inolako gomendiorik eman liburuan; mendigoizaleek izan dituzten bizipenak eredutzat jarri ditugu, jendeak jakin dezan beraien bizitzako zailtasunak mendian ere sortzen direla, eta mendiko bizitzak kaleko bizitzan lagundu dezakeela". Hori hala izanik, mendigoizaleentzako ez ezik, herritar ororentzako liburua dela adierazi du, eta "une zailak" bizitzen ari direnentzat aproposa dela azpimarratu du. "Zoritxarrari aurre egiteko eta animoak altxatzeko pilulak ematen dizkiogu irakurleari". Besteak beste, Alfred Mummery, Hermann Buhl, Walter Bonatti eta Maurice Herzog alpinisten bizipenak jaso dituzte Azpiazuk eta Alvarok lanean, eta haien testigantzak dagozkien testuinguruan kokatu dituzte.

Nire barneko mendiak autoedizioaren ondoren ondu du Azpiazuk lana. "Liburu hura Madrilen aurkeztu nuenean, Sebastian izan nuen ondoan. Hango elkarrizketa batean, jabetu ginen biok arazo berberak genituela eta antzeko pentsaera genuela, eta erabaki genuen elkarrekin liburua idaztea", esan du azpeitiarrak. Alvaro abenturazale eta alpinista ezaguna da, eta 250 espedizio baino gehiago ditu eginak. Gainera, Espainiako telebista publikoko Al filo de lo imposible mendizaletasunari buruzko programa zuzendu zuen 30 urtez. Azpiazuren arabera, bien arteko elkarlana "oso ona" izan da, eta aurreratu du datorren urtean ere mendizaletasunari buruzko beste liburu bat idaztekotan direla bien artean.

Abenduaren 13an, Azpeitian

Lunwerg Planeta argitaletxearen bidez kaleratu dute 223 orri dituen liburua, eta "argazki ikusgarriekin" ilustratu dute lana. Astelehenean aurkeztuko dute jendaurrean liburua, eta ondoren, Euskal Herriko eta Espainiako hainbat hiritan egingo dituzte aurkezpenak. Hain zuzen ere, Azpeitian amaituko dute liburuaren aurkezpen bira, abenduaren 13an egingo duten ekitaldian. Lagun Onak mendi bazkunaren eskutik, Al filo de lo imposible programari zein Euskal Herriko mendigoizaletasunari aitortza egingo diete Soreasu antzokian, eta ekitaldi horretan aurkeztuko dute Azpiazuk eta Alvarok liburua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide