Egunotan dira zabaltzekoak Balentina Agirre plazako apustu etxea, eta Elkar-ekin taldeak haren aurkako beste protesta baten berri eman du: hain zuzen ere, silikonarekin itxita eta pintadaz josita agertu da gaur goizean gunea. Apustu etxea zabaltzeko lanak hasi zirenetik, ugariak izan dira negozio horren aurkako mobilizazioak; besteak beste, apustu etxearen aurkako pankartak jarri zituzten lokalean, eta elkarretaratze jendetsua egin zuten uztailean. Errealitate horren beste adibide bat da gaurkoa.
Azken asteetan, Elkar-ekinek apustu etxearen aurkako 1.000 sinadura baino gehiago bildu ditu, eta hilaren 31ra bitartean jarriko dituzte herrian horretarako mahaiak eta guneak. Horrez gain, Azpeitiko Udalak "kezka" agertu zuen atzo, apustu etxeak eragin ditzakeen ondorioen aurrean. Erakundeak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzari oharra bidali dio, halako lokalek herrian eragin dezaketen "inpaktuaren" inguruko informazioa eta txostena eskatuz. Gainera, apustu etxeen araudia berrikusteko galdegin dio Udalak jaurlaritzari.