Ro taldea, Kutxa Kultur Musika programarako hautatuta

Uztarria.eus 2018ko aza. 28a, 19:38

Kutxa Kultur Musika Programarako hautatutako taldeetako ordezkariak. Behen, ezkerrean, Ro taldeko Iker Amenabar. (Kutxa Kultur Musika)

Kutxa Kultur Musika programaren xedea da bidea hasi berri duten taldeei egonaldi artistikoak egiteko aukera ematea. Azkoiti-Azpeitiko musika taldea aukeratu du epaimahaiak egonaldi programarako. Orotara, Gipuzkoako hainbat txokotako 66 musika talde aurkeztu dira aurtengo deialdira, eta horietatik sei taldek soilik jasoko dute Kutxa Fundazioaren saria.

Kutxa Kultur Musika 2018 egonaldi programan parte hartzeko hautatu dute Ro musika taldea. Kutxa Fundazioak gaur, asteazkena, jakinarazi ditu musikariei bultzada ematea xede duen egitasmorako aukeratutako taldeen izenak, eta horien artean da Azkoiti-Azpeitiko Ro taldea. Iker Amenabar azpeitiarrak –baxua– eta Gorka Alcalde -gitarra-, Josu Usobiaga –bateria–, Iñigo Gonzalez –gitarra– eta Mikel Iraeta –sintetizatzailea/teklatua– azkoitiarrek osatzen dute Ro.  

Kutxa Kultur Musika jardunaldiaren helburua da musikariei egonaldi artistikoak egiteko sostengua ematea. Programarako hautatu dituzten taldeek –sei, guztira– laguntza ekonomikoa eta praktikoa jasoko dute.  Programaren sustatzaileek jakinarazi dutenez, azken deialdira 66 musika talde aurkeztu dira, eta lan horietatik askoren "kalitatea" nabarmendu dute. Eredu klasikoetatik urrunduta, folka, post-rocka eta elektronika izan dira gehien nabarmendu diren estiloak. 

Joan zen ekainean ekin zioten hegaldiari Azkoitiko Matadeixen, eta orduan aurkeztu zuten lehen singlea, Ilhunbean esan-eginak izenekoa. Postrock eta rock experimentalaren bueltan sortu dituzte abestiak bost musikariek, eta abenduaren 8an Sanagustin kulturgunera eramango dituzte beren doinuak. Haien ostean, zuzenekoa eskainiko du Toundra musika taldeak. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide