Agiri historikoek diotenez, 1919. urtean sortu zen lehenbiziko futbol taldea Azpeitian. Danak Bat zuen izena talde hark, eta Udalaren dirulaguntza jasotzen zuen arren, ez zuen iraupen handirik izan. Ondorengo urteetan hainbat talde sortu ziren arren, ez zuten ibilbide luzerik izan haiek ere. 1944. urtera arte, urte harta sortu baitzen, ofizialki, Lagun Onak kluba. Lagun Onakek 44-45 denboraldia izan zuen estreinekoa.
Aurten beteko du, horrenbestez, Lagun Onak taldeak 75. urteurrena. Klubaren esanetan, urte "berezia" izango da, ez baita nolanahiko urtemuga. "Berezi ospatu nahi dugu, herritarrekin, denok batera", azaldu du Iñigo Arregi Lagun Onak taldeko lehendakariak. Datorren igandean, San Sebastian eguneko haurren daborradan, aurkeztuko du klubak urteurreneko irudia: "Zer hobe haurren danborradan, azpeitiar guztion festa den danborradan, gure urtemugako irudia aurkeztea baino?", erantsi du. Izan ere, aurtengo danborradako karrozaren gaia Lagun Onak futbol klubaren 75. urtemuga da. Nekane Azpiazuk egin du lana, eta hari eta Udalari eskerrak eman dizkie taldeak.
Urteurreneko ospakizunak, beraz, haurren danborradako karrozan irudia erakutsiko hasiko dituzte, baina urte osoan zehar ekintza bereziak antolatuko ditu klubak. "Urte luze eta oparoa" izango dela adierazi du taldeak.