Sansebastianak 2019

Nekane Azpiazu: "Karroza egiterakoan klubaren historian jarri dut arreta"

Uztarria.eus 2019ko urt. 17a, 18:01

Bigarren aldiz irabazi du San Sebastian eguneko umeen danborradako karroza lehiaketa azpeitiarrak. Aurtengoan, Lagun Onak futbol taldearen 75. urtemuga izan du lana osatzeko gaia, eta gustura da egindako lanarekin. Karrozan "iraganari lotutako elementuak" ikusi ahal izango direla azaldu du.

Nekane Azpiazuk (Azpeitia, 1997) bigarren urtez jarraian egin du San Sebastian eguneko umeen danborradan aterako den karroza. Aurten, Lagun Onak futbol taldearen 75. urteurrena gaitzat hartuta sortu du karroza, eta klubaren historiari keinu egin dio hura diseinatzeko orduan. Juan Antxieta musika eskolako sei ikasle joango dira igandean karroza gainean, eta danborradaren atarian, egin duen lanaren hainbat xehetasun eman du arkitektura ikasleak.

Lagun Onak futbol taldearen 75. urteurrena gaitzat hartuta diseinatu duzu aurten karroza. Zer irudikatu duzu?

Ez da izango gaur egungo Lagun Onak taldeari dagokion karroza, taldearen ibilbidean jarri baitut arreta; taldearen historiari lotutako elementuak ikusi ahal izango dira. Zentzu horretan, karroza, gaurkoa baino, iraganerakoa izango da.

Bukatu al duzue karroza dagoeneko?

Azken ukitu batzuk egitea besterik ez da falta, eta zentzu horretan, ez nago kezkatuta. Egunero joaten naiz karroza ikustera, lanen jarraipena egiteko asmoz. Izan ere, langileak planoen gainean ari dira beharrean, eta nik baieztapena eman behar diet langileei, egindakoa karrozan behin betiko jarri aurretik.

Aurtengo gaia gustatu al zaizu?

Futbola ez zait gustatzen, eta egia esanda, Lagun Onak ere ez dut jarraitzen. Hasieran, gaiak ez zidan grazia handirik egin, baina ez dit axola izan karroza diseinatzeko orduan. Gaiaren inguruan pentsatzen hasi eta ideia batzuk otu zitzaizkidan. Bukaeran, uste baino emaitza txukunagoa atera zitzaidan, eta gustatu zitzaidan egin nuena.

Nolakoa izan da prozesua?

Lehiaketaren deialdia zabaltzen dutenean, ideiak pentsatzen hasten naiz. Hasieratik ez dut erabakita izaten lehiaketara aurkeztuko naizen edo ez, ikasketek edota gaiak berak eragin dezakete horretan. Aurtengo gaiak ez ninduen askorik erakartzen, baina gustura diseinatu dut karroza. Itxura ona hartu nion egiten ari nintzen lanari, eta orduan erabaki nuen lehiaketara aurkeztea. Abenduan esan zidaten irabazi nuela, eta orduan, gremioekin jarri nintzen harremanetan.

Ezustekoa izan al da bigarren urtez lehiaketa irabaztea?

Beti izaten da ezustekoa irabaztea. Gainera, aurten gauza asko izan ditut eskuartean, eta ez nuen espero irabazterik.

Ingurukoek zer esan dizute karrozaren inguruan?

Oso jende gutxik ikusi du, baina ikusi dutenei gustatu zaie.

San Sebastian egunera arte, sekretuan gordetzen dituzue karrozaren nondik norakoak. Zerbait aurreratzerik bai?

Karrozan erakutsiko diren gauza asko, beharbada, ez dira ulertuko, baina horiek badute beraien sekretua edo azalpena. Karrozako pertsonaiak eta horiek eramango dituzten jantziak, esaterako, harrigarriak izango dira askorentzat. Klubaren historian jarri dut arreta, eta haren ibilbidea ezagutzen dutenentzat ulergarriagoa izango da karroza, taldearen iraganari lotutako elementuak ikusi ahal izango baitira. Koloreei dagokienez, berriz, klubaren bereizgarri direnak nagusituko dira.

Iaz ere zuk egin zenuen San Sebastian eguneko umeen danborradako karroza. Aurten, lagungarri izan al duzu esperientzia hura?

Bai. Aurreko urtean guztia berria zen niretzat, eta aurten, zentzu horretan, lasaiago egon naiz. Esperientziak asko lagundu dit denborak neurtzeko eta karroza egiteko orduan, esaterako. Iaz, ez nekien buruan nuena zenbateraino izan zitekeen egingarria, eta iazkoa ikusita, aurten gehiago ausartu naiz.

Aurrerantzean ere karroza lehiaketara aurkezten jarraitzeko asmorik ba al duzu?

Gustura egiten dudan lana da karroza diseinatzea. Unibertsitateko azterketekin egokitzen zait lan hori, eta zentzu horretan, gogorra egiten da, baina aldi berean, ondo pasatzen dut. Gainera, karrozarik egin beharko ez banu, askoz ere urduriago egongo nintzateke, soilik azterketetan pentsatzen egongo nintzatekeelako; karroza diseinatzen egoteak, beraz, lasaitu egiten nau hein batean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide