Faxismoa gaur eta hemen. Noiz da gaur, eta non da hemen?
Gaur da 2019a. Non da Europa, eta beraz, Amurrio, Iruñerria, Gasteiz.
Zer dela eta jarri duzu fokua hor?
Irudipena daukat, orain arte, eskuin-muturra urruneko fenomeno lokalizatu bat zela. Batetik eskuin-mutur klasikoa, duela 30 urtetik Frantzian, Flandrian eta Austrian arrakasta duena. Gero epifenomenoak zeuden, neonazi taldeak (Espainian España 2000 ala Plataforma per Catalunya, Alemanian NPD, Erresuma Batuan BNP), epifenomeno horietako batzuk sustraitu eta indartu ziren gero (Greziako Urrezko Egunsentia kasu). Baina orain bi fenomeno berri daude: balio sozietal liberalak dituzten eskuin muturrak (Herbeheretan, Alemanian, Eskandinavian) eta eskuin mutur gisa identifikatu gabe praktika autoritarioak dauzkatenak (Macron baina baita Hegoaldeko zenbait adierazpen jeltzale).
Nola aldatu dira faxismoaren errepresio formak azken mendean? eta azken urteotan?
Faxismoa, 1935ean Bertolt Brechtek esan bezala, kapitalismoaren fase historikoa da, eta beraz, oso berria eta oso zaharra den zerbait da. Horregatik, une batzuetan legearen eta poliziaren interpretazio basatienak egiten ditu. Kasu gehienetan estatu egitura liberalekin aski da: etorkinak kanporatzeko, populazioa estigmatizatzeko, eskubideak kentzeko, zigorraren kultura hedatzeko. Mozal legea ez du eskuin muturrak egin, adibidez, baina eskuin muturreko lege bat da. Europako estatu gehienak demofoboak dira, eta hori eskuin muturra iritsi aurretik egin da. Azken batean, neoliberalismoa eta eskuin muturra proiektu beraren bi aldaera direlako. Badirudi azken boladan arreta berezia jarri dela gaian.
Eskuinaren gorakada nabaria izan da Brasilen, Andaluzian... horrek ba al du eraginik?
Kapitalismoak agintzen du munduan. Eta mundu guztian egongo da eskuin muturra. Tokian tokian aktore ezberdinekin. Baina edonon egongo da.
Zein da eskuinak gora egin izanaren arrazoia?
Kapitalismoak 30 urte darama krisian, 2007tik bereziki, eskuin muturrak jende xehearen kontra itsi nahi du boteretsuek sortu duten krisia.
Errefuxiatuen gaia modu alderdikoietan erabiltzen ari direla uste al duzu? Zer irakurketa egiten duzu afera horren atzean ezkutatzen denaz?
Liberalek eta sozialdemokratek modu basatian kudeatu dute Europako muga. Europak ez du harresirik behar: Mediterraneoak hiltzen ditu etorkinak. Eta bestela, Maroko eta Turkiari ordaintzen dio kontzentrazio esparruak izan ditzaten.
Datorren asteburuan egitekoak diren Gipuzkoako Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketetan Faxismoa XXI. mendean hitzaldia eskainiko dute hainbat gaztek. Uste duzu badagoela gaiaren inguruko interes errealik?
Faxismoa hemen daukagu. Beraz, egin dezakegun onena ongi ulertzea da, XX. mendeko faxismoa aztertu eta ikastea. Orduko faxismoa ideologia europear bat izan zen. Eta hau ere berdin izango da.
Faxismoaren aurrean, zer egin daiteke gaurtik eta hemendik?
Faxismoa ez da faxismoari aurka eginda garaitzen. Garaitzen da faxismoa sortzen duen kapitalismoaren kontra borrokatzen. Gipuzkoako erresidentzietako borroka, Tabakalerako langileena, langileen kooperatiben sorrera, irakurle taldeak, formazioa sustatzeko edozein plataforma, bizitzeko molde alternatiboak sustatzea, erakunde publikoetara bidea ixtea. Fronte guztietan prestatu behar gara. Kapitalismoaren kontra borrokatzeko, gizartearen gehiengoa nola pobretu den ulertu eta aztertu behar dugu. Geopolitikan izan begi bat: jaka horietan, Venezuelan, Europa ekialdean, Aljerian... garai ilunak datoz.