Azpeitiko Udalak eta Marea Urdina elkarteak erdietsi duten akordioa tarteko, uztailaren 27ko eta 31ko arratsaldeetan ez da musikarik izango barraketako eremuan. Behar bereziak dituzten haurrek eta gaztetxoek ere barrakez goza dezaten hartu dute bi egun horietan 17:00etatik 19:00etara Betharrametako jolastokian musikarik ez jartzeko erabakia. Horrez gain, behar bereziak dituzten pertsonek barraketako ilaretan lehentasuna izan dezaten, txartel batzuk kaleratuko ditu udalak. Txartelak udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan eskatu ahal izango dira.
Aniztasun funtzionala duten pertsonek hipersentsibilitatea dute zaratarekiko, argiarekiko nahiz musika altuarekiko, eta barraken moduko eremuetan "oso urduri" jarri ohi direla azaldu dute udalak nahiz Marea Urdinak. Musika kentzeko erabakiarekin, barraketan ibiltzea gustatu arren gaizki pasatzen duten pertsonei "tiobiboetan ibiltzea erraztuko" zaiela adierazi du Mikel Odriozola Festa batzordeburuak: "Keinu txiki horren bidez, sentsibilizazio ekintza polita egin daitekeela uste dugu". Odriozolak azaldu duenez, hartu duten neurria "ekintza sinple bezain esanguratsua" da. "Festetan ere inklusiboak izan behar dugu, eta ekintza horren bidez, errealitate bati egingo diogu aurre. Gainera, aniztasun funtzionala duten pertsonek eta horien familiek dituzten zailtasunez kontzienteago egingo gara guztiok", azaldu du Festa batzordeburuak. Bestalde, Odriozolak eskerrak eman dizkie barraketako arduradunei, "hasieratik" ulertu dutelako egitasmoaren helburua eta inongo eragozpenik ez dutelako jarri.
Aritz Orbegozo Marea Urdina elkarteko kideak Azpeitiko Udala zoriondu eta eskertu du: "Udalak proposatu zigun egitasmoa, eta guk esku zabalik hartu genuen. Poztekoa da udalak sentsibilitatea erakustea eta festetan ere gurekin akordatzea". Hark adierazi duenez, leku "deserosoa" da barrakena: "Umeek barraketara joan nahi izaten dute, baina azkenean leku deseroso bihurtzen da; musikak eta zaratak estresa sortzen die haurrei, ilaran egoteko zailtasunak izan ohi ditugu, eta ondo pasatu beharrean estres leku bihurtzen zaizkigu". Orbegozok esan du inguruan ez duela horrelako egitasmoarik ezagutzen, "ezta Gipuzkoan ere". Hori dela eta, hark uste du beste hainbat udalentzat ere "eredugarria" izango dela Azpeitikoak hartu duen neurria.