Nora Alberdik Bigarren sexua(z). Collage izeneko film laburra osatu du Iratxe Fresnedarekin batera, atzo aurkeztu zuten Bigarren sexua euskarazko argitalpenaren osagarri gisa. Izan ere, Simone de Beauvoirrek osatu zuen eta pentsamendu feministarentzat mugarri izan zen lana euskarara ekarri du Irene Arraratsek, eta Eskafandra bildumaren barruan argitaratu dute Jakinek eta Elkarrek.
Film laburrak, beraz, lotura zuzena du Beavoirrekin. Hain zuzen ere, ordu laurden inguruko lanean haren bederatzi "lezio" jaso dituzte, eta gaur egungo irudiekin nahiz hainbat emakumeren testigantzekin osatu dute ikus-entzunezkoa. Tartean dira Maite Segurola eta Miren Odriozola feminista azpeitiarrak. Abenduaren 6an aurkeztuko dute, Durangoko Azokan, 19:30ean.