Bi urteko lanaren ostean grabatu duzun diskoa aurkeztuko duzu igandean Soreasun. Nolatan aukeratu duzu Azpeitia estreinako kontzertua eskaintzeko?
Batetik, tokia egokia delako; lehen ere hainbat jaialdi eginak gara Soreasun, Trikixa Elkartearekin. Bestetik, Urolak bi esanahi dituelako niretzat: horietako bat da trikitixaren bailara eta nire publikoaren habia dela; eta bestea, Errobik Azpeitian grabatu zuela zuzeneko disko bat, eta nik hura oso umetan ezagutu nuen. Azpeitiak bazituen bertan grabatzeko aldeko puntu batzuk.
Nola prestatu duzue igandeko emanaldia?
Bakarkako ibilbidea hasi nuela hogei urte pasatu dira, eta kaleratu dudan zortzigarren diskoa da Tranpaldo. Hori dela eta, festa bat antolatu dugu. Hamar musikarirekin osatu dut proiektua; ni trikitixarekin ariko naiz, baina tronpeta, saxofoia, tronboia, ahotsak, organoa, baxua eta bateria ere ariko dira. Emankizun indartsua izango da. Diskoan gonbidatu berezi bat bada, eta Azpeitian ere izango da gonbidatu berezi bat.
Hamar lagun izango zarete agertokian. Sekula egin al zenuen hainbeste lagunekin lan?
Ta tira ta tunba diskoan. Bi banda osatu nituen, bat karlistekin eta bestea liberalekin, eta pare bat kontzertutan denok batera jo genuen. Jende pila bat elkartu ginen orduan. Oraingoa, estilo aldetik askoz ere desberdinagoa dela esango nuke. Gaur egungoagoa da soinua, eta trikitixaren eta rockaren fusio edo festa askoz ere nabarmenagoa da. Uste dut gaur egun oso-oso hedatuta dagoen formatua dela sortu duguna.
Zegatik Tranpaldo?
Tranpaldo izena jarri diogu diskoari, tranpaldoa agertokia esan nahi baitu. Zuzeneko lana denez, keinu egin nahi izan diogu eszenatokiari. Horrez gain, tranpaz betea dago mundu hau, eta dena tranpa denez, guk ere tranpa ekarri nahi izan dugu diskora. Dena den, zuzenekoa izanik tranpa gutxi du lanak.
Zer jaso duzue diskoan?
Batez ere, moldaketen aldeko apustua egin dugu. Musika herrikoiaren erreflexio bat da lana; izan ere, badirudi musika herrikoia arinkerien ingurukoa izaten dela. Latino musikan, adibidez, askotan arinkeriak esaten dituzte, emakumeen aurkako letrak egiten dituzte, eta gero eta gehiago ari dira horiek zabaltzen. Gu musika herrikoiaren izen izanik, erabaki genuen musika herrikoia, festa girokoa, antolatzea letra duinekin. Nire hogei urteotako ibilbideko abestien hautaketa egin dut: Tapia eta Leturia garaiko batzuk eta bakarkako ibilbideko beste batzuk. Hala ere, apustu handiena izan da metalezko instrumentuentzat eta ahotsentzat arregloak egitea.
Nolakoa izan da sortze prozesua?
Urte pare bat eman ditugu horretan. Proba egin genuen iaz Viktoria Eugenian (Donostia), eta sentipen oso onekin gelditu ginen. Bi norabidetan egin dugu lan: metalentzat moldaketak idatzi egin ditugu, eta ahotsentzat eta musikarientzat moldaketak grabatuz gauzatu ditugu. Bi urte hauetan probatzen aritu gara, orrazten eta mozten. Diskoa, berriz, urrian grabatu genuen Usurbilen eskaini genituen bi emanaldietako abestiekin.
Trikitixa zure DNAn duzu txertatuta. Dena den, hogei urteotan hainbat musika estilo uztartu dituzu. Nola deskribatuko zenuke egin duzun ibilbidea sortu duzun musikari dagokionez?
Trikitixari lotuago egon nintzen Tapia eta Leturia garaian, batez ere erromerietan-eta aritu baikinen. Orduan, dantzarako musika egiten genuen. Gero, Tapia eta Leturia Band ere sortu genuen, eta hura proposamen rockeroagoa izan zen. Garai hartan asko ibiltzen ginen Negu Gorriakekin eta halako taldeekin, eta haien eragina nabarmena zen. Ondoren, bakarkako ibilbidea hastean, literaturari edo testuari lotuagoa zen musikari eta estiloari heldu nien; estiloak eskatzen zuenaren arabera hautatzen nuen instrumentazioa. Adibidez, Tximela kapitainaren izarrak izeneko diskoa Luis Rezola euskal gudarosteko kapitainak idatzi zuen Duesoko kartzelan zela, eta abesti haiei instrumentazio sinplea jarri nien, hala nola gitarrarekin eta txeloarekin. Gerra karlisten kantak atera nituenean, berriz, saiatu nintzen banda antolatzen. Beraz, testuari lotuta egin nituen musikaren eta moldaketen hautaketak. Trikitilari baino musikari gara gehiago gaur egun.
Durangoko Azokan izango zara egunotan. Zer da plaza hori zuretzat?
Durango bilakatu da guretzat salmentarako ia plaza bakarra. Izan ere, musika denda asko itxi egin dira, eta diskorik ez da saltzen. Durango da dirua berreskuratzeko aukera bakarrenetakoa, beraz. Horrez gain, Durangon elkartzen gara urtero euskal mundu bat, artista kuadrilla handi bat, eta guretzat zita garrantzitsua da.
Hogei urte daramatzazu musikaren munduan. Nolakoa da gaur egun euskal musikaren panorama?
Oso emankor ikusten dut, bai estiloz, bai kopuruz, bai kalitatez. Belaunaldi gazteak oso indartsu datoz. Lastima da euskal musikarentzat gero eta leku gutxiago izatea. Eskaintza eskaera baino askoz ere handiagoa da, eta prekarietate handi batean bizi gara: batetik, musika kontsumitu egiten delako baina saldu ez; eta bestetik, euskal munduak munduko gainerako musika adina kontsumitzen duelako euskal musika. Beraz, gero eta leku txikiagoa dugu guretzat.
Hasi zinenetik hona, asko aldatu al da egoera?
Ikaragarri. Ez naiz oraingoxea, eta ezagutu dut trikitixa oso baserri giroko lekuetan bakarrik funtzionatzen zuen garaian, baina baita plaza handietan eta azpiegitura handietan ere. Kontsumoari dagokionez, gu izan ginen trikitixaren munduan diskoa kaleratu genuen aurrenengotakoak, eta ikaragarri saltzen zen sasoi hartan. Orduan telebistan ere agertzen ginen; orain ez, ez gaituzte nahi [barrez]. Lortu dugu igandeko kontzertua telebistak grabatzea, baina horixe izango da kasik aukera bakarra. Beraz, dena asko jaitsi da euskal musikaren munduan, baina gastua askoz ere handiagoa da. Euskal musikaren eskaera oso txikia da, eta eskaintza nahiko merkezurrekoa. Eta horren errua gurea ere bada, jendea euskal musika debalde izatera ohitu delako. Baina gero jendeak ordaintzen ditu ehun euro ez dakit zein talde ikusteko... Gurea hamar-hamabost euro ordaintzeko, berriz, arazoak daude.