Rotten XIII, Txerokee eta Alerta Gorria taldeen kontzertuak izango dira zapatuan, 22:30ean hasita, Sanagustin kulturgunean. Punk eta oi! doinuak izango dira nagusi gauean. Izan ere, hiru taldeek bi musika estilo horiek jorratzen dituzte. Kontzertuetarako sarrerak salgai daude dagoeneko: Kulturaz.eus atarian eskura daitezke 6,5 eurotan, eta egunean bertan ere erosi ahal izango dira Sanagustinen, zortzi euroren trukean.
Rotten XIII Tafallan sortutako punk-rock musika taldea da. 2017an sortu zuten Zartako, Odolkiak Ordainetan eta Patada Oi! taldeetako honako kide hauek: Endika Iriso (ahotsa), Javi Fernandez (baxua), Patxi Uriarte (gitarra), Amaiur Esparza (bateria) eta Irati Palacios (gitarra). 2017an argitaratu zuten autokoiztutako lehen diskoa eta bakarra: Oi! Baldorba.
Txerokee, berriz, Madrilen 2017an sortu zen taldea da. Bi laguneko taldea zena, laukoa izatera pasatu zen Salvaje diskoaren grabaketan. Txerokeeren influentzien artean, hainbat talde daude, hala nola Porco Bravo. Punk estilo argia du taldeak, eta hitz gehienak aldarrikatzaileak dira. Alerta Gorriak ibilbide luzea du; hain zuzen ere, Nafarroan 2009an sortutako punk-oi! taldea da.