Bertakoari eta bertakoei gorazarre eginez ospatu dute Azoka Plazaren bigarren urteurrena

Uztarria.eus 2020ko ots. 8a, 14:11

Azpeitiko Azoka Plaza berriaren proiektuak bi urte bete ditu, eta merezi bezala ospatu dute urteurrena gaur eguerdian. Azoka berezia antolatu dute horretarako. Horren barruan, beren produktuak Azpeitiko azokan saltzen dituzten hainbat ekoizlek azken urtean sortu eta garatu dituzten produktu berriak aurkezteko eta dastatzera emateko aukera izan dute. Bertako produktuak eta ekoizleak dira Azoka Plazaren eta bertan garatzen ari diren egitasmoen ardatza, eta horiek izan dira gaur ere protagonistak.

11:00etatik aurrera, Xabier Izagirre Elikaguneko kidearen sarrerako hitzen ondoren, Urraki etxea merkaturatzen hasiko den gurina eta gazta zabalgarria; Zuazketa, Unanue eta Basabe ekoizleen sagar zukuak; Sakonako ardi esnez eginiko jogurtak; Errezilgo Azokako eta Sakonako marmeladak; eta Aristraingo eztiak aurkeztu dituzte jendaurrean, eta azokara joan diren herritarrek produktu horiek guztiak dastatzeko aukera izan dute, aurkezpen bakoitzaren atzetik. Era berean, Aitziber Aizpuru dietistak produktu bakoitzaren ezaugarriak azaldu ditu aurkezpenen ondoren. Gainera, Sanagustingo sukaldariek gazta tarta bat egin dute Elikaguneko sukaldean, eguerdian zehar aurkeztu dituzten produktu berritzaileak erabilita.

Leartikerreko Malen Sarasua eta Iratxe Olazaran teknikariek eta Gipuzkoako Erlezain Elkarteko Nagore Dorronsorok lagunduta aurkeztu dituzte ekoizleek produktu berriak. Nagore Alkorta alkatea eta Aitor Bereziartua eta Leire Goenaga zinegotziak ere izan dira Azoka Plazan, udala ordezkatuz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide