Koronabirusa Azpeitian

'Azpeitia zaindu', herriko saltokiak sustatzeko eta herritarrek bertan kontsumitzeko

Uztarria.eus 2020ko mai. 15a, 18:22

Udalaren eta merkatarien ordezkariek argazki hau atera dute kanpaina aurkezteko. (Azpeitiko Udala)

Udalak eta Bertan merkatarien elkarteak kanpaina berria jarri dute martxan. 50 euroko balioa izango duten 1.500 txartel edo bono aterako dituzte, eta erosleek 35 eurotan eskuratu ahal izango dute horietako bakoitza. Herriko merkatari eta ostalari guztiak batu daitezke kanpainara. Maiatzaren 25ean hasiko dira bonoak saltzen, pertsona bakoitzak gehienez lau eskuratu ahal izango ditu, eta irailaren 30era arte erabili ahal izango dira kanpainarekin bat egiten duten denda, taberna edota jatetxeetan.

"COVID-19ak sortutako kalteen aurrean bertako merkataritza eta ostalaritza txikia sustatzea, eta herritarrei beren erosketak egiteko laguntza edo pizgarria ematea". Bi helburu horiek aintzat hartuta, Azpeitia zaindu izeneko kanpaina aurkeztu dute Azpeitiko Udalak eta Bertan merkatarien elkarteak. Erosketa bonoak edo txartelak dira kanpainaren tresna. 50 euroko balioa izango duten 1.500 bono aterako dituzte, eta erosleek 35 eurotan eskuratu ahal izango dute horietako bakoitza. Herriko merkatari eta ostalari guztiak batu daitezke kanpainara, ez bakarrik Bertanen kide direnak, nahiz eta kudeaketa merkatarien elkarteak gidatuko duen. Udalak 50.000 euro inbertituko ditu kanpaina berrian. Maiatzaren 25ean hasiko dira bonoak saltzen, pertsona bakoitzak gehienez lau eskuratu ahal izango ditu, eta irailaren 30era arte erabili ahal izango dira kanpainarekin bat egiten duten denda, taberna edota jatetxeetan.

"Kalte ekonomiko nabarmenak" eragin ditu koronabirusaren krisiak, eta eragin hori zuzenean jasan dutenen artean daude merkataritza eta ostalaritza, horrela nabarmendu du udalak. "Egoera berriari elkartuta eta elkarlanean aurre egiteko" sortu dute Azpeitia zaindu kanpaina. "Herritarren beharrei erantzun eta tokiko ekonomia sustatzea dagokigu erakunde publikooi. Horretan ari gara, arloz arlo egoera aztertu eta neurriak hartzen", adierazi du Nagore Alkorta alkateak, eta kanpainak bete nahi dituen bi helburuak -bertako saltokiak sustatzea zein herritarrei kontsumorako pizgarriak ematea- nabarmendu ditu: "Orain, inoiz baino gehiago, herritarrok herria egiteko garaia da. Erabaki dezagun, herri gisa, gure kontsumo ohituren bidez geurea den hori bultzatzea. Denok elkartuta Azpeitia egiteko garaia da". Karmele Zabaleta Bertanen lehendakariak ere ildo beretik hitz egin du kanpainaren aurkezpenean. Bonoen kanpaina "herri kontsumoa sustatzeko ekimen paregabea" dela dio Zabaletak, eta uste du "inoiz baino beharrezkoagoa den honetan, Azpeitiko saltokietan erosketak egitera animatuko" dituela herritarrak. Udalarentzat esker oneko hitzak izan ditu merkatarien elkarteko lehendakariak: "Une zailak dira merkatariontzat eta guztion beharra dugu aurrera egiteko. Krisialdi honen hasieratik udalaren babesa sentitu dugu eta bono kanpaina hau horren lekuko da".

Kanpainaren xehetasunak

  • COVID-19aren ondorioz kaltetuak izan diren herriko merkatari eta ostalari guztiak batu daitezke Azpeitia zaindu kanpainara. Horretarako, Bertanekin jarri beharko dute harremanetan, eta eskaera bete maiatzaren 22ko 17:00ak aurretik, 943-02 56 73 telefonora deituta, bertan.azpeitia@gmail.com helbide elektronikora idatzita edo bulegora joanda (Enparan kalea 34, behea).
  • Kanpainara batzen diren merkataritza eta ostalaritza guneek kanpainarako prestatu dituzten kartel eta esku-orri adierazgarriak jasoko dituzte, establezimenduetan ikusteko moduan izan ditzaten.
  • 50 euroko balioa duten 1.500 bono jaulkiko dituzte Azpeitia zaindu kanpainaren barruan. Bono bakoitza 35 eurotan erosi ahal izango da, eta ekimenari atxikitako Azpeitiko establezimenduetan kontsumitzeko 50 euroko balioa izango dute.
  • Bono bakoitzak 10 euroko bost txartel izango ditu, eta txartel horiek banaka erabili ahal izango dira. 10 euroko txartel bakoitza behin bakarrik erabili beharko da. Erosketaren zenbatekoa txartelaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, diferentzia ez da eskudirutan itzuliko, eta bonoak ezingo dira diruagatik trukatu.
  • 16 urtetik gorako herritarrek eskuratu ahal izango dituzte kanpainako bonoak, eta pertsonako lau bono eros ahal izango dira gehienez.
  • Gehienez lau bono (20 txartel) pilatu ahal izango dira erosketa berean. Bonoak ezin direnez eskudirutan trukatu eta bonoaren zenbatekoa ez denez inola ere itzuliko, produktua itzultzen bada, establezimenduak erosketaren zenbateko osoaren bono propio bat jaulki beharko du.
  • Maiatzaren 25ean jarriko dituzte bonoak salgai, eta irailaren 30era arteko balioa izango dute.
  • Herritarrek aurrez aurre (Bertanen bulegoan, 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 17:00etara) zein on line (www.dendago.com/azpeitiazaindu webgunean) erosi ahalko dituzte bonoak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide