Kontseiluak abian jarri berri du dirua biltzeko plan berri bat: euroak, pezetak eta liberak euskarari plana. Plan honekin Euskal Herriko 8.200 taberna eta komertzioetan beste horrenbeste itxulapiko jarriko ditu. Itxulapiko hauetara botatzen den dirua lehen euroak edota azken pezetak edo liberak, Kontseiluarentzat izango da eta honek bultzatzen dituen ekimenak aurrera eramateko erabiliko da dirua.
Azpeitian ehun itxulapiko
Azpeitian ehun itxulapiko jarri dira, eta herrian plana aurrera eramateko osatu den lantaldeak komertzioetan-eta banatuak ditu itxulapikoak. Hauek gabe gelditu diren komertzioek ere aukera dute ipintzeko, eta horretarako herriko lantaldekoekin harremanetan jarri beharko du eta itxulapikoa (kartoizkoa eta urdina) emango diote bere dendan ipintzeko. 943 - 15 10 89 edota 943 -15 03 58 dira harremanetarako telefono zenbakiak.
Baina Azpeitia ez da Kontseiluak hautatu duen herri bakarra plana burutzeko, Euskal Herriko beste 250 herritan banatuta daudelako euskararen aldeko itxulapikoak. Herritarren aldetik harrera ona izan dutela esan du Kontseiluak.
Otsailaren 28 arte
Abenduaren 21etik 30a bitartean jarri ziren itxulapikoak herriko denda eta tabernatan, eta jada eman daitezke euskararen aldeko lehen txanponak. Kanpainaren helburua azaltzeko itxulapikoak jarri dituzten dendariei informazio gutun bat banatu zaie argibideak emateko. Kontseiluaren kanpaina otsailaren 28an amaituko da, hau baita pezeten eta liberen azken eguna. Kanpainan parte hartzen duten dendetan eta tabernetan kanpainaren berri ematen duten kartelak jarrita egongo, dendako edo tabernako erakusleihoan edota barruan, jendeak kanpainaren berri izan dezan.
Beraz, azpeitiarrek patrikan dituzten azkeneko sosak baliorik gabe gelditu aurretik sosak euskararen alde emateko au-kera eskaintzen dute Kontseilukoek itxulapikoen plan honekin.