Zelaitxo antzokia bota egin da

Uztarria 2002ko urt. 3a, 17:01

kultura

Zelaitxo antzokia eta zine aretoa azken hilabeteotan itxita izan da, ez da zine-emanaldirik ez antzerkirik izan bertan. Herriko etxegintza enpresa batek erosi zuen aretoa, hau bota eta bertan etxeak egiteko.

Bi zinema areto zeuden Azpeitian orain dela hilabete gutxi batzuk arte: Zelaitxo eta Soreasu. Iazko azken hilabeteetan Zelaitxo antzokia itxita izan da, aretoa herriko etxegintza enpresa bati saldu bait zioten aretoaren jabeek. 2002.ko urte hasiberriaren lehen egunetan berriz, aretoa nola bota duten ikusi ahal izan da. Aretoaren lekuan etxeak egiteko asmoa bait dago. Zutik gelditu den bakarra Zelaitxorako sarrera izan da, gainean etxebizitzak bait ditu.

Ordea, Zelaitxo aretoa botatzeko asmoa zela jakinekoa zen etxegintza enpresak aretoa erosi zuenetik. Ondorioz antzokian bertan ospatzen ziren zenbait kultur ekitaldik eta jaialdik leku berri bat hartu behar izan dute, askoren kasuan Soreasu. Esaterako, 2001eko Euskadiko XIX. Euskal Antzerki Topaketak Soreasu zine aretoan izan dira . Aurreko antzerki topaketen edizio guztiak,1983. tik 2000. urtera artekoak berriz Zelaitxon izan ziren, honela urte guzti hauetan aretoak hainbat antzerki talde profesional eta amateurren estreinaldiak ezagutu ditu. Baina, azken Topaketetan lekukoa Soreasu zinema aretoak hartu du.

Azpeitia bi zinema areto izatetik bakar bat izatera pasatu da. Soreasu iaz erosi zuen Azpeitiko Udalak eta goitik behera eraberritzeko asmoak ditu datozen urteotarako, eraberritzeko proiektua bera ere eginda du Udalak. 1933. urtean gaur egun Zelaitxo antzokia zen inguruan Luminor Zinea zegoen, garai hartan Azpeitian zegoen zine areto bakarra. Soreasu zinema beranduago eraikia baita. Luminor Zinean, Imanol Elias-ek idatzitako Azpeitia, Historian Zehar liburuan kontatzen duenez “filma mutuak jartzen ziren ikusgai 1935.era bitartean”.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide