Burdinbidearen Euskal Museoak 2002. urteko jarduera programa aurkeztu du

Uztarria 2002ko urt. 10a, 19:01

Burdinbidearen Euskal Museoa

Gabonetan itxita egon ondoren, pasa den asteartean, urtarrilaren 8an, zabaldu zituen ateak Burdinbidearen Euskal Museoak. Museoa egun guztietan egongo da zabalik abenduaren 22ra bitartean. Museoak eskaintzen dituen zerbitzuez gain, trakzioko lurrun tren-makinen ibilaldiak, eta Lurrun-trakzioaren Ikastaroa; museoarentzat bereziak diren zenbait egun ere ospatzeko asmoa dute.

Museoa egunero izango da zabalik urtarrilaren 8an hasi eta abenduaren 22ra bitartean, biak barne. Urtarriletik ekainera eta urritik abendura lanegunetan, 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era zabalduko da. Larunbatetan, aldiz, 10:30etik 14:00era, eta igande eta jaiegunetan 10:30etik 14:00era. Baina Aste Santuetan beste ordutegi bat izango da, goizeko 10:30etik 14:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 19:30era. Udako hilabeteetan, uztaila, abuztua eta irailean, asteartetik larunbatera 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era izango da museoa ikusgai. Igande eta jaiegunetan, berriz, 10:30etik 14:00etara.

Lurrun tren-makinetan ibilaldiak

Museoak eskaintzen dituen zerbitzuetariko bat da trakzioko tren lurrundun historikoen ibilaldia. 2002 urtean lurrun tren-makinen denboraldia martxoaren 28an hasi eta azaroaren 3a bitartean luzatuko da. Zirkulazioak asteburu guztietan egingo dira 12:30ean eta 18:00etan larunbatetan, eta 12:30ean igande eta jaiegunetan. Halaber, Aste Santuan zerbitzua indartuko da, eta Konstituzio Eguneko/Ama Birjina Sortzez Garbiaren Eguneko jai-zubian ere zerbitzua eskainiko dute. Bestalde, hala nahi izanez gero, astegunetan zerbitzu bereziak kontrata daitezke museoa zabalik den orduetan eta ezarritako tarifa jarraituz.

Egun bereziak

Burdinbidearen Euskal Museoak, aurtengorako ere zenbait egun berezi ospatzeko asmoa du. Hala nola, maiatzaren 19a, Museoen Nazioarteko Eguna; urriaren 12a, Burdinbidearen Euskal Museoaren 7. urtemuga, eta Burdinbidearen Lagunen Eguna; eta abenduaren 8a, lurrun tren-makinen denboraldiaren eguna. Egun berezi hauetan, zenbait lurrun tren-makina aldi berean jarriko dira abian.

Lurrun trakzioaren ikastaroak

Aurtengoan 7. urtea da museoak Lurrun-trakzioaren hastepenei buruzko ikastaroa antolatzen duena. Uztailaren 16tik 21era bitarterako aurreikusi dute ikastaroa eta 8 ikasle baino ez dira onartuko. Parte hartu nahi dutenek apirilaren 1a arte itxaron beharko dute, orduan zabaltzan baita epea. Ikasturtea 240,40€ kostatzen da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide