Azpeitiko eta Azkoitiko "Tradizio eta Festak" biltzen dituen liburuska FITUR-en

Iraurgi Lantzen 2002ko urt. 28a, 16:01

Izarraitz mendian informazio panelak jarri dira

FITUR 2002an, Nazioarteko Turismo Ferian, Azpeitiko eta Azkoitiko “Tradizio eta Festak” liburuska turistikoa aurkeztuko da. Bi herrietako turismo aukera promozionatzea helburu duen liburuska Iraurgi Lantzenek, Urola Erdiaren Bultzatze eta Garapenerako Elkarteak, egin du, eta Urola Erdiko turismo aukeren osagarri izan nahi du. Izarraitz mendian informazio panelak era jarri dira Azpeitian turismoa sustatzeko asmoarekin.

Azpeitia Madrilen ospatzen den FITUR 2002 turismo azokan izango da urtarrilaren 30a eta otsilaren 3a bitartean. Gure herriak eskaintzen dituen turismo aukerak, beste Gipuzkoako herriekin batera, Eusko Jaurlaritzak antolatutako Euskadi erakustokian izango dira ikusgai, aurten ere. Eta oraingoan Azpeitia eta Azkoitiako “Tradizio eta Festak” liburuska gehitzen zaie jada aurreko urteetan bertan azaldutako turismo aukerei. Promoziorako euskarri berri honetan, ustezko bixitariei bi herrietan indar berezia duten ohitura eta festen berri eman nahi zaie. Honela, hizkuntza, gastronomia, artisautza, herri kirol, eta folklorea biltzeaz gain, kultur agenda, festa eta perien egutegia, eta erromerien berri ematen da liburuskan. Iraurgi Lantzenen ekimen berri honek Eusko Jaurlaritzako Turismo Kontseilariordetzaren kofinantziazioa du.

Informazio panelak

Azkoitian eta Azpeitian turismoa sustatzeko lanean Iraurgi Lantzenek bi herrietako udalekin hainbat ekimen burutu ditu. Oraingoan, Izarraitz mendira daramaten lau tokitan informazio panelak jarri dira, bertan Izarraitzko mapa (bide, gailur eta beste hainbat informazio) eta natur ondare aipagarrienak agertzen dira, eta “Ezagutu eta zaindu izadia” lelopean denon ondarea ezagutzeko eta errespetatzeko deia egiten da. Informazio panel hauek ez dira arrotzak gure herrian, joan den udan herriko eraikuntza nagusietan ondare historiko-artistikoaren berri emanez beste batzuk jarri baitziren.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide