Azpeitiko Batasunak Jose Mari Bastida alkatearen joko zikina salatu nahi du entzun nahi duen guztiaren aurrean. Gure alkateak, gezurra eta zikina erabiliz, lotsagarri utzi gaitu azpeitiarrok berriro.
Erasotzailea biktima bezala agertu da Euskal Herriko eta atzerriko prentsaren aurrean Karnabal Igandeko gertaerak nahi bezala manipulatuta.
Zer sinesgarritasun dute Bastidaren hitzek? Uztarri tabernan zirenek badakite Gaztegune edo Gaztetxearen aldeko protesta egileak ez zirela Bastidak aipatu dituen kaputxadunak. Ez ziren "kale borroka" ekintzarik burutzen ari, baizik eta "Mamuz" mozorrotuta protesta baketsua ari ziren adierazten. Eta Bastidaren lagunen aldetik erantzun oldarkorra eta biolentoa sufritu zutenak "Mamuak" izan ziren, ez beste inor. Hor ikusi behar da ondorengo gertaera tamalgarrien hasiera.
Gero, gazte multzo handiago batek bere haserrea erakutsi zion Bastidari eta bere segizioari EgaƱa Gozotegiraino atzetik jarraituz. Han hitz gogorrak botako zizkioten elkarri, baina eskua altxatu zuen aurrena Bastida bera izan zen. Bastidaren kuadrilakoak izan ziren gazte bati buruan botilakada eman ziotenak. Eta zazpi puntu behar izan zituen zauria, "akaso erori egingo zelako gertatuko zitzaiola" esan dio Bastidak prentsari batere lotsarik gabe.
Eta prentsa gehienak informazioa batere kontrastatu gabe, alde bietako bertsioak jakiteko ahaleginik txikiena ere egin gabe informatiboetako titular nagusietara ekarri dute "Azpeitiko alkatearen kontrako erasoa". Eta munduak Bastidaren gezurra sinistu du. Mundua aspaldi honetan ziria sar diezaioten amorratzen egoten da Euskal Herriko gaietan. Gezurra ia beti erosoagoa baita egia baino.
Bastidak bere gezurrak estaltzeko Batasuna, Segi eta direnak eta ez direnak nahastu ditu Karnabal Igandeko gertaeretan. Prentsa integrista espainolak egin du gainerakoa. Aldeko haize horrek berotuta, Azpeitiko gaztediaren kriminalizazioaren bidean pauso bat aurrera egiteko prest agertu da gainera Azpeitiko alkatea, salaketak jarriko dituela esanaz.
Hori guztia osatzeko, eta irrati-telebistan aipatu ez badu ere, Igande Karnabalean Jose Mari Bastida alkateak hiltzeko mehatxua egin zion Batasuneko zinegotzi bati.
Lotsagarria iruditzen zaigu. Badakigu azken urteotan bizi dugun giro politikoak dena gaiztotzen duena, baina alderdikeriak alderdikeria, Azpeitiarrok zerbait hobea merezi dugu.
Bastidak hasiera eman dio bere hauteskunde kanpaina partikularrari. Bada garaia gure herriak Bastidari dion beldurrari muzin egin eta feudalismotik ateratzeko. Alkatearen alderdikideek eta udaletxeko sozioek ere gogoeta sakona egin behar lukete behingoz.
Udal gobernuak beste borondate bat erakutsi izan balu aspaldi konponduta behar zuen Azpeitian gaztegunea-gaztetxearen auziak. Gezurra egiatzat salduta arazoari ez eusteko aitzakia ez dadila izan Karnabal Igandekoa.
Denok daukagu herri mailan elkarbizitza eramangarriagoa egiteko ardura. Eta alkateak handiena.
GERTAKARI HAUEK DIRELA ETA DATORREN ASTEARTEA, HILAK 19, ARRATSEKO 8:30-ETAN AITONENAN EGINGO DEN HERRI BATZARRERA DEI EGITEN DIZUE Batasunak HONOKO PUNTU HAUEK AZTERTUKO DIRELARIK:
- Gerturikoaren inguruko azalpena eta balorazioa.
- Herriko alkatearen dimisio eskaera edota zentsura mozio aztertzea.