Azpeitiko Udalak urteak daramatza Urola Erdiko Mankomunitatea (Lapatx Zabortegia) saboteatzen

Urolako Batasuna 2002ko ots. 27a, 11:02

Lapatx Zabortegiko Mankomunitatea, 1988an sortu zen Azpeitiko, Azkoitiko, Zestoako, Aizarnazabalgo, Errezilgo, Bidegoiango eta Beizamako udalen eskutik zaborraren bilketa, gestioa, garraioa, erabilera eta garbiketarako.

Hasieran Azpeitiko Udalak egin zituen Lapatx Zabortegirako terreno erosketak eta espropiazioak. Gerora, udal horrek beste herri guztiei diru ordaina eskatu zien, Azpeitiak lurren erosketan gastatu zuena beste udalek kita zezaten. Diru kopurua udalerri bakoitzeko biztanleen arabera finkatu zen, eta herri guztiek ordaindu zuten.

Geroztik, Jose Maria Bastida Azpeitiko alkate eta Mankomunitateko Lehendakari zela, Azpeitiko udalaren izenean jarri zituen Mankomunitatearen lurrak.

Laurogeita hamazazpiko (1997) ekainaren 5ean Azpeitiko udalak, EAJ-PNVren eta EAren aldeko botoekin, eta HBren kontrako botoekin, Lapatx zabortegia Elkarte Anonimo (S.A.) bihurtzeko estatutuak onartu zituen, handik aurrera zabortegia Azpeitiko udalak bere kontura gestionatzeko asmoz. Mankomunitateko gerentea Lapatxeko egoitzatik atera eta bulego bat jarri zion udaletxeak.

Mankomunitateko gainerako herriek ( Azkoitia, Aizarnazabal, Zestoa, Errezil, Bidegoian, Beizama) errekurtso kontentzioso Administratiboa jarri zioten Azpeitiko udalari (4088/97 zenbakia duena) erabaki horren aurka.

Iazko, 2001.urteko urtarrilaren azkenetan Euskadiko Epaitegi Gorenak honoko epaia eman zuen: "Lapatx Zabortegiko Mankomunitatea eratuta egonik zaborren eta hondakinen bilketa eta garraiorako, duplizitatea edo eginkizun bikoiztasuna sortzen dela eta, epai honen bidez ezabatu egiten da, eta indarrik gabe uzten da Azpeitiko Udalak Lapatx S.A. sortzeko hartutako erabakia. Epai honen kontra errekurtso edo helegite ordinariorik ezin da sartu."

Hori ikusita, eta denborak bere alde jokatzen duela jakinik, Azpeitiko udalak Madrileko Epaitegi Gorenean sartu zuen errekurtsoa. Eta, pentsa daitekeenez, luze joko du handik etor daitekeen erabakiak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak egin zuen zabor plangintzaren arabera, beste hainbat eskualdetako herri (Kosta Aldekoak eta Deba Behekoak) Lapatxera zaborra ekartzera behartu ditu. Azpeitiko Udalak, Mankomunitatearen oniritzirik gabe, tona bakoitzeko 2.500 pezetako tasa kobratu die aipatutako eskualdetako herriei. Urte berrian sartzearekin batera, (2002.etik aurrera), berriz, tona bakoitzeko 5.000 pezeta (30 euro) kobratzea erabaki dute Azpeitiko EAJk eta EAk, Batasunaren ezezko botoarekin.

Azpeitiko alkateak dimititu egin zuen Mankomunitateko lehendakaritzatik eta, ondoren, EAko Javier Beobide zinegotzia jarri zuten kargu horretarako. Honek ere, ordea, ez zuen batere gestio onik egin eta zegokion ardurari muzin eginda dimititu egin zuen 2000.urte amaieran, erakunde hori noraezean utzi nahirik. Garbi gelditu da Mankomunitatean ez sinesteaz gainera, praktikan bere jardun normala saboteatzeko taktika bultzatzen ari direla Azpeitiko EAJ eta EA.

Baina kulebroi hau lehendik ere nahikoa korapilaturik ez bazegoen, azken kapitulua edo atala Azpeitia eta Azkoitiko udalek hartu berri duten erabakiaren haritik etorri da. Hemendik aurrera bi udal horiek, bakoitzak bere aldetik egingo du zaborraren, beiraren eta paperaren bilketa. Gainera, papera eta beira tratatzeko lana beste enpresa baten esku utzi dute. Horren guztiaren ondorio zuzena, Azkoitiko eta Azpeitiko herritarrentzat aurten zabor bilketaren tasak %16 igotzea izan da.

Urolako BATASUNARI, Azpeitiko udal gobernuak, Jose Mari Bastida buru dela, daraman gestioa erabat salagarria iruditzen zaio. Izan ere, Lapatx Zabortegiko Mankomunitatea mantentzea behar beharrezkoa jotzen dugu, arrazoi hauengatik:

Mankomunitatearen bitartez herriek zuzen zuzenean hartuko dute parte bere gestioan, inor inori gailendu gabe eta unean uneko interes politikoen menpe jokatu gabe.

Herri guztientzat berdintasunezko irizpideak erabiliz, eta guztien probetxua kontutan hartuz. Zabor plangintza egokia egin ahal izango da.

Zerbitzuak publikoa izaten jarraituko du eta, batez ere, borondate publikoko zerbitzua, soilik interes ekonomiko pribatuak mugitzen dituen enpresen esku gelditu gabe.

Mankomunitateak, soluzio justuagoa izateaz gainera, bertan partaide diren herri guztien onura ekarriko lukeen bezala, garbi dago Azpeitiko EAJren eta EAren joko zekenak ez dakarrela abantailarik inorentzat, ez mankomunitateko gainerako herrientzat eta ezta azpeitiarrentzat ere.

Data: 2002.urteko otsaila

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide