«Matematikako klaseak aprobetxatzen nituen marrazkiak egiteko»

Nerea Aranburu 2002ko mar. 1a, 13:03

Olatz Aguadori elkarrizketa

Olatz Aguadok bere kuadroen erakusketa ireki berri du. Otsailean zabaldu zituen ateak eta martxoaren 17a arte egongo dira lanak ikusgai Enparan kaleko Zintzilik dendan, Uztarria Kultur Koordinadorak antolatuta.

Noiztik duzu margotzeko zaletasuna?

Niri beti gustatu izan zait mundu hau. Orain dela urte batzuk klasean hasi nintzen margotzen. Irakasleen karikaturak egitea nuen gogoko. Matematikako klaseak aprobetxatzen nituen marrazkiak egiteko. Horrela ekin nion marrazteari eta hortik pixkanaka-pixkanaka aurreratuz joan naiz.

Nolako lanak egiten dituzu? Zein da zure estiloa?

Egiten ditudan lanak antzeko estilokoak dira denak. Oso kolore biziak eta aldi berean lauak erabiltzea gustatzen zait, moreak, horiak... Kolore grisa ere asko gustatzen zait marrazteko. Denetan marra beltz bat nagusitzen da, eta ez dago etenaldirik; hau da, marrazkiak hasi eta bukatu egiten ditut, saltorik gabe.

Marrazkiak, ordenagailuz ala eskuz egiten dituzu?

Bietatik. Nahiz eta gehienak ordenagailuz egin, eskuz marraztuak ere badaude tartean.

Erakusketa zenbat lanez osatzen da? Salgai egongo al dira?

Orain antolatutako erakusketa honetan, 25en bat lan egongo dira ikusgai. Batzuk, lehen ere egon dira besteren batean baina beste batzuk berriak dira. Ikusgai egoteaz gain, egindako lan hauek denak salgai egongo dira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide