Datorren igandean, martxoak 10, Artisautza Azoka egingo da herriko plazan, Alde Zaharreko Zaharra Berri elkarteak antolatuta, eta Uztarria Kultur Koordinadoraren kulturaldiaren barne. Bertan artisau mota desberdinak lanean ikusteko eta berauen lanak erosteko aukera izango da, egun osoan zehar. Besteak beste, keramika, ikurrak, irudiak, xareak, otargintza, forjak, lora lehorrak, egur transformazioa, larrugintza, egurrezko kateak, kaikugileak, bastoiak, pilotak, harri txikiak, bitxiak eta zurezko jostailuak nola egiten diren ikusi eta ikasteko aukera izango da bertan. Gainera, haurrek ere gozatzeko parada edukiko dute, beraiei zuzendutako tailerrak egongo direlako, eta umeek egindako jostailuak etxera eraman ahalko dituztelako. Azoka zabalik izango da 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 20:00etara, Azpeitiko plazan.
Bestalde, asteburuan bertan beste zenbait ekitaldi ere egingo dituzte Uztarria Kultur Koordinadorako taldeek. Hala, ostiral iluntzean, 21:00etan Aitonenako hitzaldi aretoan, Ibiltarixanak poesia-musika-bideo ikuskizuna eskainiko dute Jose Luis Otamendi eta Iñigo Aranbarri poetek eta Bide Ertzean taldeak, Petti musikaria lagun dutela. Larunbatean, 17:30ean Txalaparta zalaparta ekitaldia prestatu du Hau da! Kultur Elkarteak; plazan txalaparta giroa nagusituko da, eta nahi duenak txalaparta jotzen ikasi ahalko du. Larunbatean bertan, arratsaldeko 19:30ean Diapoesia: ikusteko poemak eta entzuteko irudiak emanaldia eskainiko dute herriko hiru poeta gaztek, Orkatz Kultur Elkartean. Martxoaren 16an bukatuko da Azpeitiko I. Kulturaldia, AEK-ren urteroko txotxarekin, eta tarte horretan EHEk antolatutako hitzaldia eta Os Gallardosen rock kontzertua izango ditugu.