Diego Garciaren oroimenez izango da Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia

Uztarria.com 2002ko mar. 6a, 17:03

Atzo Donostian emaniko prentsaurrekoan antolatzaileek adierazi zuten hemendik aurrerako maratoi erdiak Diego Garciaren omenezkoak izango direla.

Azkotia-Azpeitia maratoi erdiak Diegoren oroimenez leloa izango du hemendik aurrerantzean antolatzaileek jakinarazi dutenez. Aurtengo lasterketa martxoaren 30ean izango da, arratsaldeko 4etan, eta dagoeneko hainbat eliteko atleten parte hartzea baieztatu dute. Hala nola, Alejandro Gomez, Alberto Juzdado, Jose Manuel Garcia, Javier Cortes, Ramiro Moran, James Moiben, Kamel Ziani, Hicham Chatt, Ivan Sanchez, Asier Zarraga, Asier Cuevas, Rocio Rios, Eva Sanz eta Estibalitz Urrutia, besteak beste. Guztira mila lagun ingururen parte-hartzea espero da, eta "Diegok horrela nahi zuelako" atleta herrikoiek "leku berezia" izango dutela ere jakinarazi zuten antolatzaileek.

Egun berean, goizean ekitaldi berezi bat ere izango da, Diego Garciaren eskultura ezartzea hain zuzen ere. Iaz, maratoi erdi bezperan, Diego entrenatzen ari zela hil zen leku berean jarriko da eskultura. Gertakari honen berri jaso zen Uztarria aldizkarian. Erretiratu egiten zela-eta elkarrizketa ere argitaratu zuen uztarriak,2000ko abenduan.

Azkoitia-Azpeitia IX. Nazioarteko Maratoi Erdiak webgune bat ere badu, bertan aurtengo edizioaz informazioa emateaz gain, izena emateko aukera ere bada.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide