"Xiberoa Garatzen" egitasmoa atzo aurkeztu zen Azpeitian

Azpeitiko Xiberoa Garatzen 2002ko mar. 13a, 19:03

"Xiberoa Garatzen" egitasmoa eta Azpeitiko lan taldea atzo aurkeztu zen jendaurrera Enparan Dorretxean. Egitasmoak nekazal inguruko lurralde baten despopulazio arazoari aurre egiteko asmoa du, herrialde ezberdinen arteko elkarlanaz.

"Xiberoa Garatzen" Zuberotarrekin bat auzolanean lemapean Udalbiltzak "Xiberoa 2010" zuberotarren garapen egitasmoa bultzatu nahian aurrera daraman ekimena da. Honetarako Euskal Herrian antzinatik sustraitua dagoen auzolana probintzia arteko mailara eraman nahi da. "Xiberoa 2010" egitasmoaren helburu nagusia hamar urtetan 600 lanpostu neto sortzea da, lurraldean bi mila pertsona finkatu ahal izateko. Horretaz gain, jendea bertan sustraitzeko, lurraldearen erakargarritasuna eta barne kohesioa sendotu beharra ikusten da, zerbitzu eta aisialdi aldetik, bai Zuberoaren identitatea azpimarratzearen aldetik. Honetarako, Euskal Garapen eta Kohesio Fondoak finantzatuko ditu egitasmo zehatzak, eta programak aurrera eramateko behar diren finantza-baliabideak herritarren artean eginiko dirubilketaren bitartez lortu nahi da. Helburua 1.000.000€ lortzea du.

Zuberoa Euskal Herriko ipar-ekialdeko probintzia da. 765km eta 13.500 biztanle ditu, 35 udalerritan banatuak. Lurralde menditsu honetan ekonomiaren jarduera nagusia abeltzantza eta basogintza izan da. Maule inguruan kokatzen da industria, administrazioa eta merkataritza arloa. Eta turismoak gero eta garrantzi handiagoa du. Gaur egun, 5000 inguru lanpostuetatik, 950 lehen sektorean, 1950 industrian eta eraikuntzan eta 2120 zerbitzuetan banatzen dira. Garai batetan Maulek industrian bakarrik 4000 lanpostu zituen. Laborantzak izandako beherakada ere nabarmena da. 1970ean 1445 nekazal esplotazio bazeuden, 1999an 925ra murriztu ziren. Guzti horren ondorio nabarmena eta garrantzitsuena populazioaren beherakada da. 1911an 25000 zen, 2000 urtean berriz, 13743koa. Euskararen egoera ere ez da hobea: 65 urtetik gorakoetan %82ak euskaraz daki, 35-49 urte bitartekoetan %58ak eta 16-24 urte bitartekoetan %34 baino ez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide