Gazteek akusazio denak ukatu dituzte

GAZTEAK 2002ko mar. 14a, 14:03

Uztarria.com-en aurretik ateratako informazioa zuzenduz, Txikiteo Eleganteko auziaren ondotik auziperatutako gazteek ezer ezkutatzeko ez dutela esan dute.

Inauterietako Txikiteo Elegante eguneko gertaeren ondotik auziperatutako gazteek beraien kontrako akusazio oro ukatu dute, eta "ez delito ez faltarik" ez dutela onartuko esan dute; era horretan, Uztarrian.com aurreko egunetan agertutako berria zuzendu dute gazteek. Hala, honela diote gazteek:

  1. "Bai alkatearen deklarazioak, bai zenbait zinegotziren deklarazioaek gezur hutsen inguruan asmaturiko ipuin bat osatzen dutela garbi utzi nahi dugu, eta salatu haserako muntai mediatiko lotsagarria, gaur egun muntai juridiko are lotsagarriago batean bilakatzen ari dela.
  2. Alkatearen asmoa gu izutzea baldin bada, JAI DUELA GARBI ADIERAZI NAHI DIOGU. Honelako erasoek ez baitute gure egunerokotasuna baldintzatzea lortuko. Ez dezala pentsa barkamen eske bere aurrea makurtuko garenik.
  3. Gure helburu bakarra egun hartako gertakariak argitzea da, eta garbi dugu, benetako justizia egiten bada (esperantza handirik ez badugu ere) nor izango den erantzun beharko duena.
  4. Alkatearen deklarazioan hildako gazte baten aipamena agertzeak, argi erakusten digute zein den gure herriko alkate jaunak duen talante etikoa.
  5. Guk, ez dugu egun hartan egin genuen ezer ezkutatzeko, alkatea eta bere taldea dira herriko 8 gazte kriminalizatu nahi dituztenak, beraiek egindakoa ezkutatuz eta guk egin ez genuena deklaratuz."

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide