Nahikari Gabilondo izan da I.Erniarraitz Bertsolari Gazteen Lehiaketako irabazlea

Uztarria.com 2002ko mar. 25a, 14:03

Bigarren Leire Ostolaza gelditu zen

Larunbatean izan zen I. Erniarraitz Bertsolari Gazteen Lehiaketako finala, txapela Nahikari Gabilondo zarauztarrak lortu zuen, baita bertso onenaren saria ere. Bigarren Leire Ostolaza azpeitiarrak bukatu zuen.

Erniarraitz Bertsolari Gazteen Lehiaketako finalean sei bertsolari gazte aritu ziren Soreasun: Iñigo Izagirre, Iñigo Manzisidor Mantxi, Nahikari Gabilondo, Leire Ostolaza, Jokin Uranga eta Aritz Aranburu. Epaimahaian, berriz, Jose Luis Gorrotxategi, Imanol Lazkano eta Jexux Lopetegi aritu ziren. Aurkezle lanak Ixabel Jauregik egin zituen eta gai jartzailea Manuel Aginetxe izan zen. Kanporaketetako bi saioetan, aurrena Azkoitian eta bigarrena Zestoan, aretoak txiki gelditu baziren ere, finalean Soreasu betetzerik ez zen lortu.

Azkenean Zarautz aldera joan zen txapela, hain zuzen, Nahikari Gabilondok lortu baitzuen lehen saria, baita bertso onenaren saria (zortziko handian botatako hirugarren bertsoagatik, lan honetan Leire Ostolazarekin batera jardun zuen) ere. Finala bigarren bukatu zuena Leire Ostolaza azpeitiarra izan zen. Leire ez zen oso gustora aritu finalean: "gora behera handiak izan ditut finaleko saioan, urduri egon naiz. Uste nuen bigarren Jokin Uranga geldituko zela, baina erabakia halakoa izan da eta halaxe hartu behar".

Erniarraitzek zozketa bat egin du gainera. Zenbaki sarituak finaleko saioaren bukaeran atera ziren. Hona hemen zenbaki sarituak:

  • Pastorkuan bi pertsonantzako afaria. Zenbaki saritua 0565 eta ordezkoa 1081.
  • Diskoa. Zenbaki saritua 0674 eta ordezkoa 0664.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide