Jostaldik igoera postuetara hurbiltzeko aukera paregabea galdu zuen azkenengo jardunaldian Getariako Iriazabal Arrainak liderraren aurka galdu ostean (5-4). Hala eta guztiz ere, Lehen Mailara igotzeko ametsari eutsi nahian, talde azpeitiarrak funtsezko partida jokatuko du datorren larunbatean etxean. Jostaldik sailkapeneko laugarren tokia berreskuratu nahi du eta horretarako, postu honetan aurkitzen den Donostiako Makax taldea hartu beharko du mendean. Joaneko partidan azpeitiarrek hiruna berdindu zuten eta, beraz, larunbatekoa ere, norgehiagoka lehiatsua izango da. Partida arratsaldeko 16.30tan hasiko da herriko polikiroldegian.