Kulturaldi hau, baina, ez da lur-azpitik atera. Aurreko hilabeteetan gogoeta egiten jardun dute taldeek, eta kezkatuta agertu dira. Kezkatuta, herriko egoera, kultura aldetik, nahikoa pattala delako. Ez dira, oro har hitz eginda, ekitaldi asko antolatzen, eta azpeitiarrek ez daukate herrian herritarrek sortutako kultura kontsumitzeko ohitura handirik. Eta horregatik egin dugu kulturaldia: taldeek badutelako zeregina. Herriko kultur dinamika piztea, neurri batean, taldeen esku dagoelako. Eta kulturaldiaren helburuetako bat, azken batean, herria kultura aldetik pizteko bide horretan lagungarri izatea zelako.
Alde on asko izan ditu Kulturaldiak. Baina ez dezagun geure burua engaina; oraindik egoera ez da batere ona. Oraindik gogoeta sakonean aritu beharra dugu. Eta oraindik egin egin behar dugu, asko gainera.
PARTEHARTZEA. Uztarria Kultur Koordinadora osatzen dugunontzat ezinbestekoa da partehartzea. Ezinbestekoa da herritarrek taldeetan parte hartzea, proiektuak bultzatzea, kultura sortzea. Horretarako, jakina, taldeek egin behar dute lehenengo pausoa. Eta lana, lana egin behar dute, betiere bere helburuen bidetik.
Baina ezinbestekoa da, halaber, taldeek herriko egoeran, plangintzan eta erabakietan parte hartzea eta eragitea. Herrian kultura arloan erabaki garrantzitsuak hartzen dira, eta ia beti he-rriko taldeak kontuan hartu gabe. Udala-taldeak harremana ez da gehiegi landu; dirua eskatu eta dirua eman, horretara mugatu da harremana. Eta hori aldatzea ere bada Uztarria Kultur Koordinadoraren helburua.
Izan ere, taldeak ez dira erakunde pribatuak; herriaren alde etekin ekonomikorik atera gabe lanean diharduten taldeak baizik. Horregatik, Azpeitiko Udalak euren lana errekonozitu egin behar du, euren iritzia entzun, eta baloratu. Horregatik diogu ezinbestekoa dela herriko taldeek herriko kultur egoeran, plangintzan eta erabakietan parte hartzea. Adibidez, kultur etxeak non egon behar duen, nola funtzionatu behar duen, zer izaera izan behar duen eta abar ez dute Azpeitiko Udaleko ordezkariek bakarrik erabaki behar. Antolatuta eta lanean diharduten taldeek, eta, oro har herriak, badute zeresana gai horretan eta antzekoetan. Azpiegitura horiek denak (kultur etxea, antzokia, gazte-gunea ) taldeek erabiliko dituztelako, asko gainera. Udalak bere garaian udalbatza batean ahoz onartu zuen herriko taldeen eta Udalaren artean osatutako mahai batean hitz egingo zela kultur etxeaz. Orain arte, baina, ezer ez.
Uztarria Kultur Koordinadorako taldeek lanean jarraituko dute, betiere herria piztu nahian. Baina dena askoz errazagoa izango da euren lana errekonozitzen bada, eta kultur azpiegiturei eta herriko kulturari buruzko euren iritzia entzun eta baloratzen bada.