Herriko gazte askok gazte lokalen aldeko borroka luze eta gogorra darama. Denok dakigun bezala konpondu gabeko arazo horrek garai gorabeheratsuak bizi ditu azken boladan. Karnabaletako istiluak tarteko, auzi bat baino gehiago epai bidean da juzgaduetan.
Eta giro horretan, hain zuzen, agertu da txosten hori. Alkateak eta bere gobernuak (EAJ-EA) azpeitiarren iritzia bereganatu nahiz martxan jarritako kanpaina besterik ez da.
Baina Azpeitiko Udala diogunean, zer ulertzen du azpeitiarrak? Alkatearen kontua dela, EAJ eta EAko udal taldeena, edota udala osatzen duten talde guztiena?
Azpeitiko Gazteentzako Gunea Batasuneko zinegotzien ezjakinean eman da argitara. Publikazio hori kalera ateratzea ez da ez Gazte Batzordean, ez beste inolako udal batzordetan erabaki. Ez dakigu herritarroi zenbat kostatu zaigun. Ez dakigu zer irizpide erabili diren hori erabakitzeko eta ez dakigu zergatik eman zaion txostena egiteko lana enpresa jakin bati. Bastidak barre egiten digu aurpegira behin eta berriz, udaletxea bere etxeko baratza balu bezala erabiltzen du.
Txostenak esaten du Azpeitiko gazteak zenbat zerbitzu eta instalazio dituen eskura. Zer suerte handia duen azpeitiarra izanda, inor gutxiri bezalako aukerak ematen baitizkio udalak gure gazteari. Ondoren, eta era nahiko lotsagarrian, herrian diren alor askotako aisialdiko eta kultura aukerak aletzen zaizkigu, sakoneko auzia propio ezkutatuz. Gure ustez gakoa hemen dago: gazteek beraien denbora, baliabideak eta kreatibitatea beraiek gestionatu nahi dute. Baina txostenak ez dio inondik ere gaiari heltzen. Eta horixe da, behin eta berriz, Azpeitiko gazteei ukatu zaiena: gazteek beraiek gestionatuko dituzten lokalak. Agerkari horretan aipatzen direnen artean, berariaz gazteek erabiltzeko diren instalazioak ludoteka (6-12 urte) eta zapo-txokoa (13-17 urte) dira, baina ez gainerakoak. Hamazazpi urtetik gorako gazteek zer? Ez al dute merezi lokal bat izatea? Hortik gora txosten hori burla bat da. Alkateak zabaldu nahi duen mezua honakoa edo da: Baina gazte hauek zer nahi duten ba al dakite? Denetik daukate eta!
Diktadoreek bere berea duten eskola darabil Bastidak, gezur estaliekin herritarrak nahastu nahian, diru publikoak bere intereserako propaganda egiteko esku beteka erabiliz. Hitzean eta hortzean erabili dute duela gutxi bai EAJk eta bai EAk auziak elkarrizketa bidez konpontzearen alde daudela, baina ez daude pausorik txikiena ere emateko. Gainera, horixe esaten duten bitartean Bastidak epai bidean ditu zortzi azpeitiar.
Gazteek beraiek kudeatutako lokalak eskatzen dituzte eta Bastidak erantzuten die igerileku dotorea daukatela, Xoxoteko aterpea aurki izango dela martxan eta internet ikastaroak ere oso baliagarri direla gaur egungo gazte batentzat. Horri, adarra jotzea esaten zaio gure herrian. Azpeitiko gobernua arduragabe baten esku dago. Arazo bat sortzen denean arrazoiak aztertu ondoren irtenbideak bilatzen ahalegindu beharra dago. Gazte lokalen auzia mahai gainean dago, eta ezer ez da konponduko beste aldera begitatuta, gure gazteen eskaerak, batzuen kapritxoa bezala azalduta auzia gaiztotu besterik ez da egingo. Udaleko Gazte Batzordeak elkarrizketa prozesua bideratu behar du berehala. Egoera negargarri honi konponbidea jarri behar diogu guztion artean.
GAZTE LOKALAK ORAIN!!