"Atentado cotra la autoridad" akusaziopean epailearen aurretik pasa ginen joan den hilean inputatu gisa, eta orain prozesuak ekar lezakeenaren zain gaude, akusazio honek bi urtetik bost urterako espetxe zigorra suposatzen duela ikusirik.
Guzti honen aurrean zenbait hausnarketa helarazi nahi dizkizuegu Azpeitiko herritarroi:
-Hasteko, garbi utzi nahi dugu elegante egunean 30 gazte alkatearengana hurbildu ginenean ez ginela bere aurka atentatzera joan. Alderantziz, alkatea bera izan zen gazteongana erasoan oldartu zena. Nork sinestu dezake 30 gazte alkatea eta lau zinegotzi erasotzera joan eta gazte batek buruan zazpi puntu hartzea eta beste gazte bat ezpainean zauritua gertatzea, beraiei ezer gertatu ez zitzaien bitartean?
-"Quieren locales para hacer pancartas, pintadas, organizarse y si hace falta cocteles molotov" J. M. Bastida, "El Mundo" 12-02-2002. Gazteok hasieratik prest agertu gara bai Gazte Lokalaren arazoa baita elegante eguneko gertaerak ere elkarrizketa bidez konpontzeko. Baina alkateak ez du elkarrizketa hitzaren esanahia ezagutzen, ez ditu elkarrizketa eta inposaketa bereizten. Ez zuen inolako lotsarik izan espainiar eta bertako zenbait "komunikabide-ren" laguntzaz Azpeitiko gazteak kriminalizatu eta prentsaren bidez epaitzeko. Nahiago izan zuen egun hartan paperak galdu zituela aitortzea baino, herriko bederatzi gazteren etorkizuna bertoko errealitatea ezagutzen ez duten epaile eta fiskal arrotzen esku uztea.
-Honela bada, hasierako muntaia mediatiko lotsagarria, muntai juridiko are lotsagarriago batean bilakatzen joan da
-Bere muntaian buru belarri sartu den bakarra Iñaki Etxezarreta izan da, Mangas, Maria Jesus eta Alejo zinegotziek ere ez dute egia esaten, baina erdibidean gelditzen dira (honek ere konplize egiten ditu). Beste zenbait testiguren kasua ere aipatzekoa da, kalean gauza era batera ikusi zutela esan eta epailearen aurrean alderantzizkoa deklaratu baitute. Iñaki Etxezarretak DEIA-ko kazetari bati berak ezer ez zuela ikusi adierazten dion bitartean, epailearen aurrean alkatearen ipuina goitik bera esplikatzen du. Kuriosoa benetan. Nola da posible udaleko bost ordezkariak han izan eta bi lagunek horrelako atentatua ikustea eta beste hiru lagunek ezer ez ikustea? (Isiltzen denak onartzen du!)
-Alkatearen deklarazioan hildako gazte baten aipamena agertzeak edota familia bereko anaien izenen nahasketak garbi erakusten digute zein den gure herriko alkateak duen talante etikoa.
-Garbi dugu, jasaten ari garen erasoa ez dela herriko bederatzi gazteren aurkako erasoa bakarrik, azken urteotan sortu eta garatzen joan den mugimenduak Azpeitiko EAJ eta EAko zinegotzien aulkietatik izan duen begirune ezaren, manipulazioaren eta errepresioaren maldaren gailurra baizik.
-Herrian sortzen diren arazo ezberdinak, eta momentu honetan gazteok ditugun gabeziak modu honetan konpondu nahi izateak benetako kezka sortzen digutela azpimarratu nahi dugu, eta "elkarrizketa" hitza ahotik kendu ezinda dabiltzan alkate eta zinegotziei Gazte Lokalaren arazoari irtenbideak bilatzeko pausuak ematen has daitezela eskatzen diegu.
Herritar guztion esku dago horrelako egoerei behar duten bezalako konponbideak bilatzea, baldin eta gure herriaren gidaritza ordezkaritza autoritario baten esku utzi nahi ez badugu behintzat.
Besterik gabe, dei egin nahi dizuegu honelako erasoen auka eta Gazte Lokalaren alde aurrerantzean burutuko diren ekimenetan parte har dezazuen.
Ikusi arte!