Azpeitikoa ez da kasu bakarra, Hego Euskal Herriko beste hainbat Herriko Tabernatako diru kontuak ere blokeatu dituztelako jada. 11 militante ere atxilotu dituzte; astelehenean, hain zuzen. Zenbait komunikabideren arabera, Espainiako Barne Ministerioak 107 Herriko Taberna ditu zenbatuta, eta Batasuneko Mahai Nazionalak esana du taberna horien guztien kontra egingo dutela Madrildik. Dagoeneko hasi dira batzukin, eta Orkatz Kultur Elkartea da kaltetuetako bat. Azpeitiko Herriko Tabernako arduradunak Orkatz itxiko duten beldur dira. Gainera, Batasunak esan duenez, Herriko Tabernen jabegoa aldatzea ere eragotzi egin dute Garzonen aginduz.
Hain zuzen, 1993ko ekainean ireki zuten Erdi kalean dagoen taberna hori. Harrezkero jende asko ibili da han, eta taberna funtzioa ez ezik, kultur funtzioa ere bete izan du, hamaika ekitaldi antolatu izan dituelako bertan Orkatz Kultur Elkarteak: antzerkia, bertso saioak, musika kontzertua, ipuin kontaketak, erakusketak
Manifestazioa gaur Azpeitian
Operazio polizial eta juridikoa salatzeko manifestaziora deitu gaur, ostirala, Azpeitiko Batasunak. Stop faxismoari. Demokrazia Euskal Herriarentzat
lelopean egingo da manifestazioa. 19:30ean hasiko da, herriko plazan. Igandean, berriz, Bilbon manifestazio nazionala egingo da, Batasunak antolatuta, eta hara joateko autobusak antolatu dituzte Azpeitian; ohiko tokietan eman daiteke izena.