XXV. Udaberriko Argazki Rallyko sariak bihar banatuko dira Tren Museoan

Azpeitiko Argazki Elkartea 2002ko mai. 3a, 18:05

Dagoeneko aukeratu dira Azpeitiko Argazki Elkarteak antolaturiko XXV. Udaberriko Argazki Rallyko sariak eta bihar banatuko dira, eguerdian Tren Museoko aretoan egingo den ekitaldian. Apirilaren 7an izan zen XXV. Udaberriko Argazki Rallya, zilarrezko eztaiak egin ditu aurten ekimen honek. Hori aitzakia hartuta, Azpeitiko Argazki Elkarteak hainbat ekitaldi eta hitzaldi antolatzeko asmoa du aurten.

Kontuak horrela, pasa den apirilaren 27an, XXV. Udaberriko Argazki Rallyan parte hartu zuten 41 partaideen bildumen artean sarituak aukeratzeko elkartu zen epaimahaia. Honako bilduma eta argazkiak aukeratu zituen: Lehen saria (180 euro eta garaikurra) Luis Llavori-ren bildumak jasoko du. Bigarren saria (120 euro eta garaikurra) Juan Ramon Llavoriren bildumarentzat izango da eta hirugarren saria (90 euro eta garaikurra), berriz, Juan Joxe Agirre azpeitiarraren bildumarentzat izango da. Herriko lehen sailkatua Juan Mari Ibarzabal izan da eta honek garaikurra jasoko du. Argazki onenaren saria, Juan Joxe Agirreren ‘Modeloak’ gaiko argazkiari egokitu zaio. Fototeka saria, Arkaitz Egañaren ‘Alde Zaharra’ gaiko argazkiak jasoko du. Gaztetxoetan, berriz, 16 urtez beherakoen artean Idoia Olibak ateratako argazkiak jasoko du lehen saria. Bigarren saria, Mikel Iparragirreri egokitu zaio eta hirugarrena, Irantzu Larrañagari.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide