Joxe Takolo 2002 Bekak “maila handiko eta orijinaltasunezko proiektuak” bultzatuko ditu

Uztarria.com 2002ko mai. 3a, 19:05

Joxe Takolo Bekak goi-mendizaletasuna bultzatzeko asmoz Euskal Herriko Mendi Federazioko kide diren Euskal Autonomi Erkidegoko mendizale, mendi-elkarte eta beste hainbat eratako elkarte eta taldek antolatutako maila handiko eta orijinaltasunezko proiektuak bultzatuko ditu. Beka 3.606,07 eurokoa da (600.000 pezeta), eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskal Herriko Mendi Federazioak eta Azpeitiko Udalak finantzatuko du.

Joxe Takolo 2002 Bekaren baitan dagoen dirulaguntza lortzeko eskariak eta beka bera emateko oinarria martxoaren 12an Alkatetzak emandako ebazpenaren bidez onartu zen (ikus GAO). Honela, aurtengo edizioan goi-mendizaletasunarekin lotuta dauden maila handiko eta orijinaltasunezko proiektuak bultzatzea erabaki da 3.606,07 euroko dirulaguntzarekin (600.000 pezeta). Beka Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskal Herriko Mendi Federazioak eta Azpeitiko Udalak finantzatuko du.

Bekarako aurkeztutako eskariak aztertzeko Batzorde Teknikoa osatuko da, erakundeen hiru ordezkari eta gai horretan adituak diren zazpi kidek osatuta. Batzordeak beka emateko kontutan hartuko dituen irizpideak: proiektuaren kalitatea, entitatearen ibilbidea, jarraipena eta egonkortasuna, partaide-kopurua eta jardueraren iraupena eta zabalkundea, jardueraren finantzazioa, azpiegitura eta giza-baliabideak, jardueraren interesa, antzeko programa edo eskaintzarik ez egotea eta jarduera kualifikatutako pertsonal teknikoak garatzea izango dira.

Bekaren irabazleak dirulaguntza jaso duen jardueraren informazio, publizitate eta propaganda guztian Joxe Takolo Bekaren laguntza jaso duela adierazi behar du, eta burutu esperientzia zabaltzen lagunduko du, horretarako antolatu diren ekitaldien bidez. Laguntza emateko erabakiorrak diren baldintzak ez betetzeak dirulaguntza kendu eta jasotako diru-kopurua itzuli beharra dakar.

Bekarako eskari orriak Azpeitiko Udalaren Erregistroan aurkeztu behar dira 2002ko urriaren 31 baino lehen behar bezala beteak. Eredu ofizialeko instantzia, diruz laguntzea eskatu den proiektuaren ardura duen ordezkariaren Nortasun Agiriaren Fotokopia eta egin nahi denaren memoria eta aurrekontua atxikita aurkeztu beharko dira.

Lehen Takolo Beka Pumorikoentzat izan zen

Joxe Takolo Beka 2001eko maiatzean sortu zuten Azpeitiko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Mendi Federazioak, hain zuzen ere Joxe Urbieta Takoloren omenaldian, eta lehenengo laguntza Pumoriko espedizioari ematea erabaki zen. Espedizio honetan Beñat Arrue azpeitiarra eta Iñaki Aiertza aizernazabaldarra hil ziren Pumori mendiko tontorra egin nahian zebiltzala izotz jausi bat izan ondoren.

Uztarriak Joxe Urbieta Takolori egindako omenaldiaren berri jaso zuen 18. alean , eta Joxeren liburuxka biografikoa ere argitaratu zuen iaz, ikusteko egizu klik hemen .

Pumori 2001 espedizioaren berri ere jaso zen aldizkarian, 20. alean abiatzeko ilusioz zirenean, eta 23.alean alean ezbeharraren berri emanez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide