Iraurgi Ikastetxeko langileen greba

Langileen ordezkariak 2002ko mai. 14a, 16:05

Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntza pribatuan,maiatzak 17an, greba egiteko deiarekin bat egin du Azpeitiko Iraurgi Ikastetxeko langileen batzarrak(30 langile).Beraz, eta ostirala baino lehen sindikatuen aldetik mobilizazio hori bertan behera uzten ez bada,lan-egun osoko lanuztea burutuko dute.

Aurtengo lan hitzarmenaren negoziazioaren baitan, sindikatuek (ELA, STEE-EILAS, LAB, CCOO, UGT) gutxieneko eskakizunak adostu dituzte elkarrekin. Badira bi hilabete lan hitzarmena negoziatzeko mahaia hautsi zela eta hilaren 17ko grebarako dei bateratua egin dute. Greba egun horrek izaten duen eraginaren arabera neurtuko dute sindikatuek hortik aurrera zein urrats eman.

Patronalari egindako eskaeren artean honakoak dira langileen ordezkaritzak ezinbesteko jo dituenak:

-lan orduak gutxitzea langile guztiei (irakasleen kasuan eskola orduak gutxitzea)
-lan hitzarmena ikastetxeetan lanean ari diren guztiei aplikatzea (Haur Hezkuntzako langileak)
-Hezkuntza Bereziko langileen egoera hobetzea
-homologazioa lortzeko bidean, soldata igoera langile guztientzat

EAEko irakaskuntza pribatuan urte askotako langileen eskakizun nagusia, irakaskuntza publikoko langileen lan-baldintzekin parekotasuna lortzea izan da. Homologazioa deritzana alegia, publikarekin parekotasuna bai lan-ordutan eta bai soldata aldetik ere.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide