Gaur argitaratutako GAOko iragarkian zehazten denez, hautagaiek Espainiako nazionalitatea izan eta 18 urte beteak eta 30 bete gabe izan beharko dituzte. Baina honetaz gain zenbait baldintza fisiko ere bete beharko dituzte: alde batetik, oztopo izan daitekeen akats fisiko eta psikikorik ez izatea eta bestetik, gizonezkoek gutxienez 1,70 m-ko altura izatea eta 1,65 m emakumezkoek. Ikasketei dagokionez, eskola graduatua, lehen mailako lanbide heziketa edo antzeko tituluren bat izatea eskatzen da, baita ere Euskarazko 2. Hizkuntza Eskakizunaren jabe dela egiaztatzea. Bestalde maltzurkeria delituagatik kondenatua ez izana edo diziplina espedienteren baten bidez inongo administrazio publikotik baztertua ez izana eta funtzio publikorako ezgaituta ez egotea ere eskatzen da, besteak beste.
Hiru udaltzainek bete beharreko eginkizunak herrietako Udaltzainentzat indarrean den legeriak zehazten dituenak dira. Tartean, Udalaren jabetzako eraikin, lokal eta dependentziak ireki eta istea, udalaren jabetzako zein jabetza pribatuko ondasunak errespeta daitezela zaintzea eta trafikoa arautzearekin lotuta dauden zeregin guztiak egitea.
Hautaketa Lehiaketa-Oposaketa Irekiaren bidez egingo da, eta sei ariketa gainditu beharko dira. Lehenengo ariketa Euskarako 2. Hizkuntz Eskakizuna frogatzeko izango da; bigarrena, gaitasun fisikoa neurtzeko; hirugarrena, ezagupen teorikoak neurtzeko proba da; laugarrena, proba praktikoa izango da; bosgarren ariketak Udalerriaren ezagupena neurtuko du eta seigarren ariketak proba psikoteknikoak eta nortasunekoak jasoko ditu. Ariketa guztiek derrigorrezkoak dira, eta lehenengoa, hirugarrena, laugarrena eta seigarrena baztertzaileak izango dira, besteak ez.
Udaltzaingorako hiru lanpostuak betetakoan, oposizioko ariketa guztiak gainditu dituzten gainerako izangaiekin zerrenda lanpostu bat osatuko da. Zerrenda hau lanpostu bereko edo antzekoetako aldi baterako beharrak betetzeko erabiliko da.
Eskaerak, behar bezala beteta, Azpeitiko Udalaren Erregistro Nagusian aurkeztu beharko dira, Enparantza Nagusia 5ean. Horretarako 20 laneguneko epea izango da deialdi hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoreneko egunetik hasita.