Urtebeteko lanaren ondoren osatu dira 'Nobiliario de Azpeitia: Probanzas de Nobleza e Hidalguía' titulupean ateratako bi liburuak. Bi liburu mardul horietan, 1546. urtetik 1856. urte arteko Azpeitiko 400 kaparetasun espediente jasotzen dira.
Larunbateko ekitaldian jatorrizko kaparetasunekin -nobleziaren barruan izatearen agiriak dira kapareak- eta informazio panelekin osatutako erakusketa ere ireki zen Betharrametako elizan. Erakusketa ekainaren 19a arte zabalik izango da, eta bi liburuak bertan salgai izango dira; liburu batek 25 euroko salneurria izango du eta bi liburuak erosiz gero 50 euro ordaindu beharko dira. Erakusketa amaitzen denean, berriz, liburuak herriko liburudendetan erosteko aukera izango da, baina zertxobait garestiago.