Saninazioak, jai herrikoi eta euskaldunen bilakaeran

Jai Herrikoi eta Euskaldunen Aldeko Batzordea 2002ko uzt. 23a, 19:07

Badira urte batzuk jai herrikoi eta euskaldunak bultzatu asmoz ekimenak egiten hasi ginela, bere garaian kuadrila batzordetik eta gero Azpeitian Gazteok Zer?! taldetik bultzatuta. Horren adibide bat dugu Saninazio bezperan egiten dugun bazkaria. Horren haritik, orain dela urte gutxi Jai Herrikoi eta Euskaldunen Aldeko Batzordea sortzen da, Saninazioei begira giro horretan bultzada eman asmoz.

Bilakaera horretan, Udaleko Festa Batzordearekin izandako harremanek fruitu gutxi eman dute,hain zuzen eztabaida potolo bat ematen delako eta ez delako konponbiderik planteatzen. Eztabaida hau jaiak antolatzeko ereduan oinarritzen da, Udaleko Festa Batzordea ez dagoelako prest festa batzorde herritarra jaien (ofizialen) antolatzaile izateko, eta herritarrak eritzia emateko omen dira bakarrik. Honek talka egiten du gure filosofiarekin eta ordezko egitaraua ateratzera beharturik aurkitu izan gara.

Urte honetan ere Udaleko Festa Batzordearekin izandako harreman urriak ere garbi utzi digu beraien jarrera. Alde batetik jai batzorde (herritarrez osatua) bat antolatzera ukatu egin dira, jai egitaraua Udaleko Festa Batzordeak bakarrik erabakitzen duela argudiatuz (beraz, gu kontsulta ahal izateko bakarrik gaude), eta bestetik jai herrikoiak antolatzeko behar dugun diru laguntza jaietan gerta daitezkeen gertaerek baldintzatuko omen dute. Hau da, herria ondo portatzen da (beraiekin) edo dirulaguntza gabe geratuko gara.

Jai Herrikoien Batzordea dei publikoen bidez osatu izan da urtero eta bertan era guztietako ekimenak landu izan dira jaiei begira; kontzertuak, bazkaria, kirolak, goitibera, kalejirak, eta abar . Ikusi dugu urte batzuren buruan aurrerapausuak eman ditugula jai herrikoi batzuen bilakaeran eta iruditzen zaigu urrats berriak egiteko garaia iritsi dela.

Urte honetara begira hausnarketa burutu nahi izan dugu eta balantzean somatzen ari gara eredu berri bat landu behar dugula datozen urteetan. Iruditzen zaigu festen antolakuntza partehartzean duela gakoa eta bide berriak jorratu behar ditugula. Horrela, aurtengoan ideia berriak sartzen saiatu gara, beti ere partehartze eta inplikazioa bultzatuz eta jai eredu ofizialek suposatzen duten eredu zaharkitu, elitista, espainol eta pasiboa gainditu asmoz. Saninazioek iraulketa bat behar dute jai ereduan, eta guk oztopo, txantai eta abarren gainetik bilakaera berri bat landuko dugu. Horretarako zure partehartzea beharrezkoa da, beraz prestatu ditugun ekimen desberdinetan parte har dezazun gonbidatuz,

ONDO PASA SANINAZIOAK

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide