Aisialdiaren, gizarte-trebetasunen eta arrisku-praktiken gaineko inkesta

Udaleko Gazteria eta Gizartekintza Saila 2002ko urr. 28a, 16:10

Azpeitiko 13 eta 25 urte arteko gazteen errealitatea ezagutzeko asmoz, datu-bilketa egin nahi da, eta horretarako inkesta bat prestatu du Drogen Aurreikuspenerako Mahaiak. Mahai hau pasa den urtarriletik martxan da, eta Udaleko Gazteria eta Gizartekintza Sailak sortutako ekimena da.

Helburu nagusia, adierazi den bezala, aisialdi eta denbora librearen, gizarte-trebetasunen, droga-kontsumora hurbiltzearen, arrisku-praktiken eta abarren gaineko erabilera-ohituren berri izatea da.

Aztertu beharreko populazio guztiaren baitatik aukeraketa bat egingo da, lagin bat aukeratuko da, eta hauei burutu nahi den prozesuaren informazio argi eta zehatza bidaliko zaie.

Aukeratutako 18 urtez beheko gazteei, herrian bertan ari badira ikasketak egiten, eskola eta ikastetxeetan bertan egingo zaie elkarrizketa; gainerakoekin, berriz, inkestatuaren etxean bertan egingo da inkesta, baldin eta hauek, edozein arrazoi dela eta, beste lekuren batean elkarrizketa egitea nahiago ez badute behintzat.

Informazio guztia anonimoa izango da, eta azterlana egiteko garrantzia handikoa da aukeratuak izango diren pretsona guztien jarrera eta parte hartzeko gogoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide